Katalanek eta euskal herritarrek 300 gailurretik gora argiztatu zituzten bart iluntzean Pirinioetan, farol bereziekin eta linternekin argi-lerro bat osatuta. Eta han izan ziren Arrasateko eta Aretxabaletako ehun bat lagun. Erdiak autobusean joan ziren, eta besteak, euren kasara; Izpegin egin zuten bat guztiek eta handik gora, ordu pare bateko ibilaldia eginda, Astate tontorrera iritsi ziren.
Helduek, nagusiek, gazteek eta umeek hartu zuten parte ekimenean eta linternak prest zituzten tontorrera iritsi orduko. Deiak zioen legez, 22:00etan piztu eta ordu erdi batez argiztatu zituzten gailur inguruak.