2021eko Euskal Ekonomia Txostenaren aurkezpena egin zuen atzo Laboral Kutxak Donostian. Bertan, Ibon Urgoiti Negozio Garapenerako zuzendariak eta Joseba Madariaga Ikerketa Departamentuko zuzendariak urteko laburpena egin dute.
COVID-19aren pandemiak eta horrek eragindako krisiak markatu zuten 2020a, eta, ekonomialarien arabera, 2021a "suspertzeko urtea" izan da. Halere, itxialdiak, enpresa eta negozioak ixteak eta zerbitzuen sektorean izandako murrizketek espero zen hazkundea atzeratu egin dute, eta inflazioa maila altuetara igo. "Kontsumo-patroiaren norabidea aldatu egin da: ondasunetarantz jo du eta gehiegizko eskaria ekarri du. Horri pandemiak munduan izan duen bilakaera asinkronikoa gehitu zaio, eta, ondorioz, hornidura-kateak oztopatu eta prezioak garestitu egin dira. Hala, inflazioa aspaldian ikusi ez ditugun tasetara igo da", azaldu dute.
Ekonomia, "suspertzen"
Ekonomiaren "susperraldi-egoera" aztertuta, 2021ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinak %5,6 egin zuen gora –2020ko ekitaldian %9,9 txikitu ondoren–. Nafarroan ere antzeko tasa erregistratu da: %5,9koa, hain zuzen ere. Laboral Kutxako zuzendarien arabera, datu horrekin bat dator lan-merkatuko magnitude nagusiek izan duten bilakaera ere: hazkunde-tasa %1,1ekoa izan da EAEn eta %1,9koa Nafarroako Foru Erkidegoan.
Langabeziak gora 2021ean
Aurrez aipatutako adierazleek susperraldia adierazten duten arren, langabezia-tasari dagokionez, %9,8ra heldu zen iaz EAEn; hots, zenbatekoak goia jo zuen unean ia hamar herritarretik bat zegoen lanik gabe. Gogoratu behar da pandemia hasi zen urtean, 2020an, %9,5ekoa izan zela langabezia; hala, gora egin zuen 2020tik 2021era.
Espainiako datuarekin alderatuta egoera hobea izan zen iaz Erkidegoan; bost puntu azpitik egon zen EAE. Baina Espainian 2020tik 2021era behera egin zuen langabe kopuruak. "Eskaintzaren ikuspegitik, lehen sektorea eta eraikuntza izan ezik, Estatuan azpimarratzekoa da sektore guztiek balio erantsi gordinaren hazkunde-erregistro positiboak dituztela aztertutako hiru eremu geografikoetan", zehaztu dute Laboral Kutxako zuzendariek.
Prezioek ere %3 gora
Prezioei erreparatuta, batez beste, %3,1 egin dute gora –antzerakoa izan da hazkunde-tasa Nafarroan eta Espainian ere–. "Dena den, bada aipatu beharreko datu bat: urteko batez besteko zifraren atzean, inflazioak epe horretan izan duen goranzko joera ezkutatzen da. Estatuan %0 inguruko urteko tasekin hasi da urtea, eta %6,5eko urtetik urterako tasarekin amaitu", gaineratu dute.
Gerrak aldatutako panorama
2022aren hasieran aurreikuspenak "baikorrak" zirela azaldu dute Laboral Kutxako ordezkariek –pandemiak atzera egin eta inflazioa "maila onargarrietara" irits zitekeelako–, baina Ukrainako gerrak panorama ekonomikoa "nabarmen" aldarazi duela adierazi dute: "Ondorioak bereziki kaltegarriak dira Europako ekonomian, bai energiaren ikuspegitik eta bai lehengaiei dagokienez. Energiaren alorrean, agerian geratu da petrolioarekiko eta, bereziki, Errusiako gasarekiko mendekotasuna. Lehengaien alorrean, berriz, nabaria da gatazkan dauden herrialdeek pisu handia dutela munduan. Horrek goraka bultzatu du inflazioa, eta zapuztu egin ditu orain hilabete gutxi genituen aurreikuspenak".
2023ra begira, %3,6ko hazkunde-tasa aurreikusten dute EAEn; halere, ziurgabetasuna "oso handia" dela onartu dute.