Astelehenean zabalduko ditu ateak Mondragon Unibertsitateak eta Goiena Komunikazio Taldeak antolatutako II. Komunikazio Campusak. Guztira, zazpi parte hartzailek eman dute izena, eta komunikazioa lehen eskutik bizitzeko eta ondo pasatzeko aukera izango dute uztailaren 4tik 8ra.
Mondragon Unibertsitateko irakasle Unai Portilla eta Goienako kazetari Xabier Urzelai dira koordinatzaileak eta biek adierazi dute kopurua "polita" dela. Azken horren hitzetan, "zazpi laguneko talde batekin beti da hartu-emana estuagoa eta beste konfiantza batekin ibiltzen dira gazteak ere".
Bost eguneko lanketa
Aretxabaletako Mondragon Unibertsitateko Komunikazio Campusean eta Goienaren egoitzan formatuko dira. Lehenengo bi egunetan, bideogintzan, irratigintzan, fotokazetaritzan eta komunikazioarekin lotutako bestelako kontuetan zentratuko dira. Portillak aurreratu duenez, azken hiru egunetan, podcast saio baten sorkuntza landuko dute, bideopodcasta izango baita amaierako proiektu nagusia. Irakasleak dio gaur egun gazteek asko kontsumitzen dituztela halako produktuak: "Gainera, ondo pasatzeko, inprobisatzeko eta zenbait esparru ikasteko aukera ematen du".
Podcasta sortzen
Hori guztia lantzeko Xabier Urzelai kazetariaren, Gazteako Ainhoa Vitoria esatariaren eta Alex Padilla sare sozialetako adituaren azalpenak jasoko dituzte: "Vitoriak irratipodcastak izango ditu hizpide. Padillak, berriz, bukaerako bideopodcast horren promozio-bideoak eta eduki osagarriak lantzen irakatsiko du". Gainera, aitortu du azken lana zuzenean emititzeko aukera badagoela: "Sare sozialetako kontu bat sortuko dute parte-hartzaileek, eta bertatik partekatzeko aukera izango dute, izan zuzenean edo grabatuta".
Goienan egun batez
Martitzenean, Goiena izango da ikasleku. Xabi Urzelaik emango duen saioan, komunikabide bat barrutik ezagutuko dute: "Lankideak ikusiko dituzte, zer den benetako erredakzio bat, irrati bat eta platoa, esaterako". Hedabide batean egonda, fotokazetaritza landuko dute: "Gai konkretu baten bueltan ideiak emango dizkiegu eta kalera aterako dira argazki kamerekin, gaia ilustratzeko beharrezkoa den argazkiaren bila".