Gailurrak argiztatzera, etorkizuna erabakitzeko

Hasier Larrea 2022ko eka. 30a, 20:00

Tolosako Uzturre mendian, Gure Eskuk maiatzean eginiko ekimena (Argazkia: Ekaitz Zilarmendi).

Uztailaren 2an, katalanek eta euskal herritarrek 300 gailurretik gora argiztatuko dituzte Pirinioetan, farol berezi eta linternekin argi-lerro bat osatuta. Bailarako 180 lagun inguru apuntatu dira Argintzu, Iparla, Astate eta Buztanzelai mendiak igotzeko.

Pirinioetako Bidea izena darama Euskal Herriaren eta Kataluniaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko erronka kolektibo erraldoiak. Gure Esku, Assemblea Nacional Catalana eta Federacio d’Entitats Excursionistes de Catalunya entitate sozialek antolatu dute, bi herrialdeek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra izanik. Bihar iluntzean argiztatuko dituzte Pirinioetako tontorrak milaka herritarrek, nazioarteko komunitatearen arreta bereganatzeko asmoz.

2014an mosaiko erraldoia egin zuen Gure Esku dinamikak Zurriolan, Eskoziako lehen autodeterminazio erreferendumari atxikimendua erakutsiz. Zortzi urte igaro ostean, honako gogoeta hau ekarri du Josu Etxaburuk, Gure Eskuko bozeramaileak: "Gure buruari galdetu beharko genioke non egon nahi dugun Europan hurrengo autodeterminazio erreferendumak egiten direnean; beste mosaiko bat eginik turista subiranista izango gara euren egun handietan, ala guk ere hautestontziak jarriko ditugu? Hurrengo olatua hartu nahi badugu, igerian harrapatu beharko gaitu".

Arrasateko Gure Eskuko koordinatzaile Jasone Giraldok ere erabakitzeko eskubidearen alde "mobilizatu beharra" dagoela adierazi du, kontuan hartuta azken urteotan "ezer gutxi" mugitu dela zentzu horretan, "alderdi politikoetatik hasita".

Hala, Pirinioetako tontorretan jarri dute fokua oraingoan, baina Amalur Alvarezek, Gure Eskuko bozeramaileak, hauxe esan du: "Gure gailurra ez dago Pirinioetan, zortzimilako batean baizik, herri gogoa berpiztu nahi baitugu, burujabetzarako prozesu bat abiatzeko".

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu.

Bailarakoen partaidetza

Otsail inguruan hasi ziren Debagoien mailan deialdirako prestakuntzekin. Arrasate eta Antzuolako Gure Eskuko taldeek hartu dute koordinazioa euren gain; hala, Leintz Bailarakoak Astate eta Iparla mendietara igoko dira, Bergaraldeko eta Oñatikoak Buztanzelaira, eta aramaioarrak Argintzu tontorrera. Lehen hiru tontorrak Izpegi mendilerroan daude, Baztan eta Baigorri artean. Hortaz, Izpegiko elkargunean batuko dira debagoiendar gehienak, 18:00 bueltan. Bertara joateko autobusak antolatu dituzte, Gure Eskuren webgunean izena eman dutenen artean; Arrasateko Zalduspe geltokitik irtengo dira, 15:15ean, Iparla eta Astatera joango direnak. Bi mendiek zailtasun desberdina dutenez, honako xehetasun hau azaldu du Giraldok: "Iparlako igoera Besaide mendizale elkartekoek kudeatuko dute, bereziki gauez arriskutsua delako; bertara joateko 30 lagunek eman dute izena, eta Astatera joateko 100 lagunek".

Antzuolatik antzeko orduan irtengo da herrikidez betetako autobusa. Oñatiarrek, bergararrek eta elgetarrek ere ez dute hutsik egingo hitzordura, baina horietako gehienak "euren kabuz" joango dira, Jabi Etxaniz Antzuolako Gure Eskuko kideak aipatu bezala. Debagoiendarren asistentzia, ziurrenik, aurreikusitakoa baino handiagoa izango da, askok asteburu-pasa egiteko aprobetxatuko baitute ekitaldia, eta furgonetekin zein autoekin egingo dute joan-etorria.

Aurkezpen egunean, Bilbon.

Farolak, 40 km-ra ikusteko

Tontor bakoitzean farola bereziak jarriko dituzte antolatzaileek, 360 gradura eta 40 kilometroko distantziara argiztatzeko modukoak. Hala, Arrasateko Udalak Astate eta Iparlako farolak finantzatu ditu, eta Oñatikoak Buztinzelaikoa –200 eurogatik, gutxienez–. Gure Eskukoek eskerrak eman dizkiete ekarpenengatik.

Mendizale guztiek 21:00etarako egon beharko dute tontorretan, 21:45etik 22:30era argiztatuko dituztelako. Gero, kontu handiz jaitsiko dira beherantz, eta kalkulatzen dute gauerdia aurretik iritsiko direla Izpegira.

Kontuan hartzeko gomendioak

Ekimenean izena eman daiteke gaur egunean zehar, gutxienez eguerdira arte, Gure Eskuren webgunearen bidez. Pirinioetako Bidera izenik eman gabe joaten direnek euren gain hartu beharko dituzte segurtasun neurriak. Argi frontalak edo linternak eramatea derrigorrezkoa izango da, baita mendia errespetatzea eta norberaren osasunarekin lotutako kontuak aintzat hartzea ere: jantzi egokiak, janaria eta, behar izanez gero, makilak eraman. Istripurik balego, deitu 112 telefonora. Mendi ibilbidean zehar une oro taldean joan, eta antolatzaileen esanei kasu egin. Ikusgarritasuna bermatze aldera, Gure Eskuko banderak eta zapiak eramateko dei egin dute. Sare sozialetan argazkiak zabaltzea ere eskertuko du Gure Eskuk. Horretarako, gehitu #PirinioetakoBidea, #ViaPirenaica edo #LightsForFreedom traola.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak