Jose Ignacio Rodriguez: "Bezeroekin aurrez aurre egoteak asetzen nau"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko eka. 25a, 10:28

Jose Ignacio Rodriguez eta Nerea Atxa, Bergaran dagoen bulegoan. (Argazkia: I.A.A.)

Bergaran, Arrasaten eta Gasteizen ditu bulegoak Goiena Aseguru Artekaritza enpresak; talde-lana dute oinarri eta duela hogeita sei urtetik egiten du lan Jose Ignacio Rodriguezek sektorean.

Goiena Aseguru Artekaritza 2003an sortu zen, eta Arrasaten, Bergaran eta Gasteizen ditu bulegoak. Guztira, zortzi langilek osatzen dute lantaldea, eta euren helburua da pertsonei, profesionalei eta enpresei zuzendutako aholkularitza zerbitzu integrala ematea. Halaber, bailarako kultur eta kirol ekintza eta ekitaldiak babesten dituzte; Mondragon CF taldea, Antxintxika Triatloia eta Arrasate-Udalatx mendi lasterketa, adibidez.

Nolatan aukeratu zenuen lanbidea?

Beste aseguru-etxe batean hasi nintzen lanean duela 26 urte, eta han beste bi lankidek eta hirurok aseguru-artekaritza sortzeko aukera izan genuen. Azkenean, halako enpresa batek aukera ematen dizu independentzia izateko, konpainia gehiagorekin lan egiteko eta bezeroei aukera gehiago emateko.

Ze zerbitzu ematen dituzue?

Bergarako eta Arrasateko bezeroak partikularrak dira; Gasteizkoak, aldiz, enpresak. Edozein motatako aseguruak eskaintzen ditugu. Plan estrategiko moduan sartuta daukagu espezializazioa ematea enpresei kreditu aseguruen bitartez, eta pertsonei, aurrezki arloan nahiz bizitza eta osasun aseguruetan.

Nola dago aseguruen mundua?

Sektorea bidegurutze batean dago. Aldaketa teknologikoak eta eraldaketa digitalak gertatu dira; iraunkortasunean eta digitalizazioan arreta berezia jarri beharko da, horiek izango dira etorkizuna finkatzeko oinarriak.

Partikular batek ze aseguru izan behar du nahitaez?

Ohiko aseguruak izan behar dituzte; hau da, ibilgailu, etxebizitza eta bizitza aseguruak.

Debagoiendarrek badute aseguruak berraztertzeko ohiturarik?

Batzuek urtero aztertzen dituzte polizak. Guk konpainia askorekin egiten dugu lan, eta, normalean, bezeroak ez du izaten arazorik konpainiaz aldatzeko.

Bezeroaren eta konpainiaren artean dauden tirabirak kudeatzea tokatzen zaizu. Lana etxera eramaten duzu?

Ezbeharrak kudeatzerakoan edozer gerta daiteke, eta bezeroak artekariari deitzen dio. Bezeroekin tratu zuzena daukagunez, azkenean, etxera eramaten duzu. Dena den, etxera iristean lanaz ahazten saiatu behar da, eta lanera itzultzean arazoari konponbidea eman. 

Lanaren alderik onena?

Tratu pertsonala, dudarik gabe. Gertutasunak bezeroarekin egoteko aukera ematen dit, eta horrek ase egiten nau.

Herriko dendetan erosten duzu?

Normalean, herriko komertzioetan erosten dut. Herritar bezala saiatzen naiz bertako komertzioa bultzatzen.

Zer aseguratzen den jakitea komeni

"Bezero batzuek prezioari begiratzen diote, baina askok garrantzia ematen diete aurrez aurrekoari eta aholkularitzari. Bezeroak prezioa ikusten duenean, Internetera jotzen du, hango konparaketak ikusteko. Aseguruen atzean estaldurak daude, eta komeni da jakitea zer kontratatzen duzun. Prezioa eta estaldura dira garrantzitsuak. Guk badaukagu aukera konpainiekin alderatzeko, eta bezeroari aukerarik onena eskaintzen diogu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak