Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egoera epidemiologikoaz egindako eguneraketaren arabera, azken astean maiatzeko bigarren astetik hautemandako positibo kopuru handiena zenbatu da bailaran: 133. Duela bi aste baino 42 kasu gehiago dira, baita otsaila erdialdetik izandako bosgarren asterik makurrena ere.
Herrikako balioei erreparatuz, bada datu adierazgarri bat: hiru kasutik bi Arrasate edo Bergaran izan dira. Bietan duela bi aste baino hamahiru kasu gehiago atzeman dira; orotara, 58 eta 32, hurrenez hurren. Gora egin dute positiboek Antzuolan, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Oñatin ere.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Gerturatzen
Azken asteetan Araba, Bizkaia zein Gipuzkoako balioen azpitik izan da bailarako intzidentzia-tasa. Kasu berrien gorakadaren ostean, baina, 349,96ra igo da tasa; Arabako balioa baino altuago (317,68), eta Bizkaia (379,97) zein Gipuzkoako (367,13) balioetatik gertu. Martxoa erdialdetik, Nafarroa da tasarik altuena duen Hego Euskal Herriko probintzia –eguaztenean eguneratuko ditu Nafarroako Gobernuak azken asteko datuak–.
Aldaketarik ez
Eusko Jaurlaritzaren eskumena diren erietxeetan apenas aldatu da egoera iragan astetik hona. Bataz beste 327 herritar egon ziren ospitaleratuta; 307 gutxienez –astelehena eta egubakoitza– eta 355 gehienez –domeka–. Zainketa intentsiboa behar duten herritarren artean ere ez da gorabehera aipagarririk izan; hots, 10-12 herritar inguruk behar izan dute egunero arreta berezia.