D2030: zortzi proiektu trantsizio energetikorako

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko eka. 16a, 16:05

Aritz Ameztegi hizketan, egueneko ekitaldian.

Eraginez piztu, Debagoienerako esku-hartze proposamena aurkeztu du gizarte eraldaketa helburu duen ekimenak. Eremu hiritarrean –etxebizitzak eta eraikinak– eragitea da egitasmoaren nahia, eta 50 eragile inguru daude, denera, inplikatuta.

Honela dio D2030 ekimenak Eraginez piztu aurkezterakoan: "Aldaketa klimatikoa eragiten duten faktoreen artean, nabarmena da erregai fosiletan oinarritutako eta kontsumo maila intentsiboko eredu energetikoa. Testuinguru horretan, krisi ekologikoa sortzen duten faktoreak gainditzeko dugun denbora mugatua da". Hurrengo hamarkada "gako" izango da "gure zibilizazioaren etorkizunerako".

Datuak kezkagarriak dira: Debagoieneko CO2 isurketa maila Europako lurraldeetan hirugarrenen parekoa da; bestalde, eskualdeak erabilitako energiaren %5 soilik da bertan ekoitzia.

Nagusiki sorkuntza berriztagarria, autokontsumoa, efizientzia eta sentsibilizazioa jomuga, etxebizitza eta eraikinetan –industria eta garraioa aurreragorako utzita– eredu energetiko iraunkorra sustatzeko bi urtez garatutako prozesuaren –partekatua eta kolektiboa, herritarrekin, sektoreko erakundeekin eta udalekin elkarlanean– emaitza dira gaur Bergaran aurkeztutako zortzi proiektuak.

D2030 ekimenaren eta aurkeztutako proiektuetako bidelagunak izan dira ekitaldian. Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak adierazi du trantsizio energetikorako "buru-belarri" lanean dihardutela "bailarako herri guztiek". Azpimarratu du "denon konpromisoa" dela beharrezkoa, eta ohitura aldaketa aldarrikatu du. Mugikortasun arloan Udalak hartutako erabakien eraginkortasuna eta, energia berriztagarriak bultzatzeko, ordenantzetan egindako aldaketak nabarmendu ditu, Ekiola egitasmoarekin batera.

Elkarlanaren garrantzia

Bergarako alkate Gorka Artolak ere gizarte eraldaketarako herriko azken urteetako ekimenak izan ditu ahotan, eta elkarlanaren eta "erantzun publiko-komunitarioaren" garrantzia ere bai: "Administrazioa, herritarrak eta gizarte eragileak, hiruko hori da oinarria". Gogoan izan du "proiektu burujabeak" helburu dituen Ehundu egitasmoa, eta herrian egiten dihardutena gaur aurkeztutakoen norabide berean doala baieztatu, energia komunitate bat sortzeko asmoa iragartzearekin batera. 

Ekitaldira hezkuntza arloaren ordezkari –Oñatiko Urgain eskolatik– joandako Lukene Igartuak zioen "etorkizuneko gizartea osatuko duten pertsonak eskoletan daudela gaur egun", eta "oso garrantzitsua" dela, horregatik, "eskoletan trantsizio energetikoa lantzea". Oñatiko eta Aretxabaletako eskolek berriki jasotako Eskola jasangarri izendapena ere izan du gogoan.

EEE-KO ZUZENDARIAK ZORIONDU EGIN ZUEN BAILARA, PROIEKTU ZEHATZENGATIK ETA ELKARLANAGATIK

Fagor Taldeko presidente Joxean Alustizak adierazi du "etorkizuneko garapena, izatekotan, garapen iraunkorra" izan beharko dela; lankidetza "publiko-pribatu zabala" aldarrikatu du, baita "komunitatearen sentsibilizazioan eta aktibazioan" eragiteko gako gisa ere.

Energiaren Euskal Erakundeko Iñigo Ansolak, azkenik, zoriondu egin du Debagoiena, "proiektu zehatzak" martxan jartzeagatik eta "elkarlanagatik". Datuak ere eman ditu: 2005etik, aktibitate ekonomikoa %20 hazi dela, baina berotegi efektuko isurketak %27 jaitsi; ez lokartzeko dei egin du, baina, eta berriztagarriak, autokontsumoa eta efizientzia aldarrikatu. 

Eraginez piztu-k 350.000 euroko inbertsioa eskatuko du: %83 jarriko du D2030ek; %14, udalek; eta %3, Garapen Agentziak. Erronkari aurre egiteko Debagoienak "osagai oso interesgarriak" dituela esanez eta eskualdea elkarlanera deituz itxi du ekitaldia D2030eko proiektuen koordinatzaile Aritz Ameztegik. 

'Eraginez piztu': zortzi proiektuak

IKASTEXE-KLIK

Proiektuaren helburua hezkuntza-komunitate osoaren lankidetza eta parte-hartze aktiboa sustatzea da, ikastetxeetan energia-aurrezpena eta -eraginkortasuna lortzeko. Trantsizio energetikoaren gaia gizarteratuko litzateke, bidenabar.

BIRGAITZEN

Etxebizitzetako konfort baldintzak hobetu eta CO2 emisioak murriztu daitezkeela frogatu gura du. Isolamendu soluzioa era kolektiboan eskainiko da, baina ez fatxada guztirako, etxez etxe baizik –ekonomikoki eskuragarriagoa–. Bi pilotu martxan daude, Bolun eta Antzuolan. 

ERREGULAZIO ERALDATZAILEA

Herri bakoitzean trantsizio energetikoa garatzeko oztopo izan daitezkeen ordenantza eta erregulazioak identifikatu eta eskualdeko udalerri guztien artean landu nahi dira. Izan ere, horien bidez energia jasangarriaren eta klimaren aldeko bidea erraztu eta azkartu daiteke.

ENERGIA DENONTZAT

Inklusio soziala helburu, diagnosia egingo da –udal bakoitzaren ekintzak mapeatuta–, eta pobrezia energetikoari aurre egiteko dauden mekanismoak ikertuko –kanpoko esperientziak ere jasota–. Soluzio integratu bat diseinatuko da publiko-pribatu elkarlanean. 

TOKIKO ENERGIA BERRIZTAGARRIEN LABORATEGIA

Energia berriztagarrien arloan eskualdean dagoen ezagutza, esperientziak eta ikasketak partekatzeko esparru bat eratuko da, eta bertan modu kolaboratiboan erantzungo zaie ager daitezkeen behar, aukera eta zailtasunei.

DEBAGOIENA ERABERRITZEN

Eraikinak eraberrituta, energia kontsumoa murriztea lortu nahi da. Herritarren, eragile ekonomikoen eta instituzioen egoera ulertu eta eraberritze energetikoa sustatzeko estrategia bateratua definituko da.

DEBAGOIENA 2030 AUKERA ENERGETIKOAK

Egoera energetikoaren prospektiba egitea da helburua: energia kontsumoarena –eraikinak aztertuta– eta sorkuntza aukerarena –eskualdeko teilatu denak aztertuko dituzte, plakak jartzerik dagoen jakiteko–.

ENERGIA ADIERAZLEAK

Trantsizio energetikoan gako diren adierazleen identifikazioa eginda, udalen eta Udalsarearen datuetan oinarritutako adierazleen gizarteratzea eta datuen monitorizazioa egitea, ahaleginaren emaitza ezagutzea lagungarri delako.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak