Tenperatura altuak eta sute arriskuak, zapatura arte

Jon Irizar Aranguren 2022ko eka. 16a, 15:42

Euskal Meteorologia Agentziak aste hasieran egindako iragarpenen bidetik, etzira arte tenperatura altuak izango dira Debagoienean. Eguenetik zapatura, hamabi abisu ditu ezarrita agentziak; horiak batzuk, laranjak besteak. Muturreko tenperatura oso altuengatik, tenperatura altu iraunkorragatik eta sute arriskuagatik dira guztiak.

Martitzenetik tenperatura altuak izaten ari gara bailaran, eta lerro hauek idatzi bitarte, Elorregin erregistratu du Euskal Meteorologia Agentziak Debagoieneko balio maximoa; martitzenean izan zen, 15:10ean: 35,9 gradu. Iragarpenen arabera, baina, termometroek oraindik ez dute jo goia, eta iragan egunetan besteko beroa espero da egubakoitz, eta, batez ere, zapaturako.

Hala, Euskalmetek hamabi alerta egoera ditu ezarrita, eta bederatzik dute eragina bailaran. Tenperatura altu iraunkorra, baso sute arriskua eta muturreko tenperatura oso altuen alerta horia daude ezarrita gaurko. Bere horretan mantenduko dira lehen biak egubakoitzean, eta abisu laranjara igaroko da muturreko tenperatura oso altuena; 38 graduko balioak espero dira bihar Debagoienean. Zapatuan, berriz, hiru abisuak igaroko dira laranja kolorera, eta 40 graduko tenperaturak aurreikusten ditu Euskal Meteorologia Agentziak.

Arintzea

Iragarpenen arabera, zapatua izango da bero olatu honetako egunik makurrena, eta baita joera aldaketa ekarriko duena ere. Domekatik aurrera, tenperaturen leuntzea espero da, eta baliteke datorren astean zehar euri egunen bat edo beste izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak