Arrasate Logopedia: "Talde-lana inportantea da esku-hartzeetan"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2022ko eka. 18a, 10:10

Arrasate Logopediak Oñatin eta Arrasaten ditu zentroak. (Argazkiak: I.A.A.)

Lan honetan aritzeko bokazioa izan behar dela nabarmendu dute Arrasate Logopediako Nekane Zabala eta Leire Etxenausia arduradunek, inplikazioa "totala" baita, pazienteek konfiantza guztia eurengan jartzen dutelako.

1992an ireki zituen ateak Arrasate Logopediak Arrasaten; Oñatikoa, berriz, duela hamabost urte inguru zabaldu zuten. Nekane Zabala proiektuaren hastapenetatik dago; Leire Etxenagusia, ordea, geroago batu zen taldera. Gaur egun, zazpi profesionalek egiten dute lan, guztira, bi zentroetan: lau logopedak, bi psikologok eta fisioterapeuta batek.

Zer da logopedia?

Komunikazioa ahalbidetzen duten aspektuak ezartzean, erraztean eta indartzean datza. Lengoaian ulermena eta adierazmena lantzen ditugu. Ahozkoan, aldiz, artikulazioa eta hitz toteltasuna, esaterako. Aho-arnasketarekin, irensketarekin eta ahotsarekin zerikusia duten haurren eta helduen disfoniak lantzen ditugu. Aipatutakoaz aparte, irakurketa-idazketa era espezifikoan lantzen dugu, hainbat ikaslek ikasketa prozesuan zailtasunak izaten baitituzte.

Ze zerbitzu eskaintzen dituzue?

Logopedia zerbitzuan zentratuta gaude bi zentroetan. Horretaz gain, psikologia eskolarra eta sanitarioa. Pandemia ostean, alderdi emozionala lantzeko behar handiagoa sumatu dugu. Oñatin arreta goiztiarraren zerbitzua ematen dugu. Foru Aldunditik bideratzen dituzte pazienteak eta hor sartzen da fisioterapeutaren lana. Arrasaten, berriz, Osakidetzatik bideratzen dituzten pazienteak tratatzen ditugu; ahotsaren arazoak, iktus baten ondoren hizkuntza galerak eta irensketa arazoak, adibidez.

Arreta goiztiar kasuak artatzen dituzuela diozue.

Foru Aldundiaren zerbitzua da, eta haiek bideratzen dute. Lehenengo balorazioa Donostian egiten da, eta eskolak, neurologoak edo pediatrak aginduta egiten da. Hor ikusten da non dauden zailtasun gehien. Guk zerbitzu bezala logopedia, psikologia eta fisioterapia dauzkagu. Diputaziotik datozen kasu hauek doakoak dira 6 urte bete arte. Garapenean aurrera egiteko saioak eskaintzen zaizkie, eta familiei aholkuak eta laguntza ematen dizkiegu.

Logopedia haurrekin lotzen da.

Ez da haurrei bakarrik zuzentzen zaien zerbitzua. Hiru bloketan bereizten ditugu: umeen arazoak, helduenak eta hirugarren adinarekin lotutakoak.

Ze metodologia erabiltzen dituzue?

Bakarkako saioak izaten dira. Normalean, beti hasten gara elkarrizketa batekin, informazioa jaso eta kasua kokatzeko. Gero, balorazioa egiten dugu eta geure artean erabakitzen dugu nola landu arazoa. Gero hasten ditugu saioak.

Garapenean, talde-lana ardatz

"Arreta goiztiarraren kasu askotan logopedia, psikologia eta fisioterapia saioak behar izaten dituzte pazienteek. Beraz, hiru profesional ezberdinen laguntzarekin pertsona bat nola garatzen den ikustea pozgarria da. Horrek asko betetzen gaitu. Pertsona baten garapena ez da kasu isolatua, elkarri laguntzen diogu. Kasu berri baten aurrean, gure iritzi eta ikuspuntuak partekatzen ditugu aurrera egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak