Abisu horia ezarri dute beroagatik, termometroak 38 gradura heldu litezkeela aurreikusita

Jon Irizar Aranguren 2022ko eka. 13a, 16:00

Euskal Meteorologia Agentziak alerta horia ezarri du martitzen zein eguazten arratsalderako, muturreko tenperaturengatik; zehazki, bi egunetan 14:00etatik 18:00etara ezarri dute abisu horia. Iragarpenen arabera, 35 gradutik gora adieraziko dute bailarako termometroek datozen orduetan; Arrasaten, esaterako, 38 gradu espero dira bihar.

Asteburu ezegonkorraren ostean, goranzko joera hartu dute termometroek astea hastearekin batera, eta bilakaerak ez du etenik izango datozen orduetan. Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, 35 graduen langa igaroko dute termometroek astean zehar. Hala, abisu horia ezarri dute martitzen eta eguaztenerako tenperatura oso altuengatik.

Goizean goizetik "hego-osagaiko haizea" izango da, eta egunak aurrera egin ahala helduko dira maximoak. Bi egunetan ordu tarte berdinerako ezarri dute alerta egoera: 14:00etatik 18:00etara. Bazkalosteko muturreko tenperaturen ostean –38 gradu espero dira, adibidez, Arrasaten–, termometroak jaisten lagun dezaketen "zaparrada trumoitsuak bota ditzake". Hala ere, iluntzean ez dira 25 gradutik beherako tenperaturak aurreikusten.

Etenik ez

Abisu horiak martitzen eta eguaztenerako ezarri ditu Euskal Meteorologia Agentziak, bi eguneko aurrerapenarekin ematen baitute muturreko fenomenoen berri. Iragarpenen arabera, baina, eguen eta egubakoitzean egoerak ez du hobera egingo; hots, litekeena da asteburura bitarte tenperatura altuek etenik ez izatea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak