Datorren astean, astelehenetik egubakoitzera bitartean, BIEMH Makina-erremintaren Nazioarteko Bienala izango da BECen. 31. edizioa izango da aurtengoa eta mundu osoko enpresa, kooperatiba eta hornitzaileek hartuko dute parte.
Debagoieneko enpresei dagokienez, beste urte batez, ordezkaritza zabala izango da Barakaldon. Antzuolako Oerlikon Balzers; Arrasateko Ikerlan, Fagor Automation eta Laboral Kutxa; Elgetako Sisteco; Bergarako Tecnosystem eta Soraluce; eta Oñatiko Ulma Embedded Solutions izango dira bertan egongo diren enpresetako batzuk.
Lehenengo ediziotik, ia hutsik egin gabe, BIEMH azokan parte hartu du Oerlikon Balzers Antzuolako enpresak. Nagore Jimenez komunikazio arduradunak azaldu duenez, aurten ere bertan izango dira euren zerbitzuak erakusten. Ikerlan ere bertan izango da, "stand dinamiko" batekin, eta makina-erremintaren sektoreko teknologiaren gaineko hitzaldiak egingo ditu.
Iraunkortasuna oinarri
Bai Ikerlanek eta bai Balzersek "iraunkortasunaren alde" egiten duten "apustua" erakutsiko dute.
Antzuolako enpresak PVD bidezko estaldurak erakutsiko ditu; hots, beste enpresa batzuei ematen dien zerbitzuetako bat. "Makina batzuetan gure bezeroen erremintak edo piezak sartzen ditugu, eta metalak eta gasak nahastuta plasma sortzen dugu, bezeroaren elementu horiei itsasteko", azaldu du Jimenezek. Plasma hori milimetro bat baino gutxiago duen geruza bat da. "Altzairua baino gogorragoa da, eta produktuaren bizitza luzatzeko, produktibitatea hobetzeko edota zabor gutxiago sortzeko balio du, besteak beste", zehaztu du komunikazio arduradunak.
Ikerlanek, berriz, "fabrika digital eta jasangarria" simulatzen duen postua jarriko du. Bertan, makina-erremintaren sektoreko enpresei zuzendutako hiru proposamen erakutsiko dituzte: Ikerlan Konnekt, Ikerlan Merch eta Ikerlan Energy. "Soluzio oso eraginkor eta adimendunak, trinkoak, sendoak eta iraunkorrak garatzea ahalbidetzen dute, enpresek euren aplikazioetan behar dituzten prestazio guztiak eskaintzeko gai direnak", azaldu dute. Bestalde, hainbat hitzaldi egingo dituzte, etorkizuneko fabrika digitalerako "arrakasta-kasuak" eta "funtsezko alderdi teknologikoak" aztertzeko.
Bezeroekin egoteko plaza
Haien proiektu eta hausnarketak erakutsi edo saltzeaz gain, enpresen asmoak beste batzuk ere badira BIEMH azokan. "Gure bezeroekin egoteko baliatzen ditugu egun horiek; haiekin hitz egitea gustatzen zaigu, horrek hobetzen jarraitzeko aukera ematen baitigu. Arazoen berri ematen digute edo bestelako kontuak proposatu", azaldu du Jimenezek.
Ikerlanentzat, esaterako, "talentua erakartzea, prestatzea eta fidelizatzea" da beste erronka eta helburuetako bat: "Gune bat erreserbatu nahi izan dugu azokan, ingeniaritza-ikasleei aholkularitza eskaintzeko. Os- tiralean, standa irekita egongo da zentroak hainbat alorretan eskaintzen dituen aukera profesionalak eta prestakuntzakoak ezagutu nahi dituzten unibertsitateko ikasleentzat".
Azokaren "bertsiorik onena"
BIEMH azokak "bere bertsiorik onena" eskainiko duela ziurtatu dute antolatzaileek: "Enpresa nagusien eta munduko liderren erakustaldia izango da. Funtzionamendu betean dauden makina eta ekipamenduz betetako agertokia erakutsiko dute erakusketariek". 3.400 makina, produktu, zerbitzu eta berrikuntza baino gehiago egongo dira azokan, eta mundu osoko bisitariak bertaratuko dira. "Ekitaldiak negoziorako eta ezagu- tzarako aukera ugari eskainiko ditu", gehitu dute sustatzaileek.