Auzoko Eguna bueltan da; oraingoan, Arrasaten

Hasier Larrea 2022ko eka. 10a, 18:33
2019an egin zuten azken Auzoko Eguna, Aretxabaletan.

Ibarrean elkarrekin bizi diren hizkuntza eta kulturen topaketa egingo dute domeka goizetik arratsaldera bitartean Seber altube plazan, Euskaltzaleen Topaguneak bultzatuta eta tokiko hainbat eragilek lagunduta. Ikasturte bukaerako festa izango da.

Datuak eskuan, bistan da Euskaltzaleen Topagunetik sortutako Auzoko egitasmoak arrasto handia utzi duela Debagoienean: guztira, zortzi herritan daude taldeak martxan, eta Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Arrasate dira horietako lau. Herriotan euskara elkarteak arduratzen dira euskararen komunitatera hurbiltzen diren lagunei hizkuntza harrera egiteaz, horixe baita Auzokoren oinarrizko helburua.

Hala, Ekin Emakumeak, Loramendi eta Txatxilipurdirekin batera, Donostiako Bagera eta Soraluzeko Pil-pilean elkarteek ere jartzen dute euren alea eginkizun horretan. Ikasturtean zehar auzokide –euskarara hurbildu nahi dutenak– eta auzotarren –auzokideei harrera egiten dietenak– arteko elkarlana sustatzen dute, eta ekain aldera jaialdi bateratua egiten dute komunitate parte hartzaileen arteko kultur aniztasuna ospatzeko.

90 LAGUN INGURU
ELKARTUKO DIRA,

EUSKARA ARDATZ

DUTEN HARREMANAK

ERAIKITZEKO

24 hizkuntzaren batuketa

Bergaran antolatu zuten lehen Auzoko Eguna, 2014an. Geroztik, Eskoriatzan, Oñatin, Antzuolan, Soraluzen eta Aretxabaletan egin dute, eta aurten, Arrasate izango du geraleku. Euskaltzaleen Topaguneko Eider Gurrutxagak azaldu duenez, herri horretan "aniztasunaren aldeko lanketa handia" egiteko ohitura dutelako joango dira Seber Altube plazara. Bertan 90 lagun inguru elkartuko dira, bailaran bizi direnak eta Donostiatik, Gasteiztik, Ibarratik eta Soraluzetik etorriko direnak. 2021ean Auzoko egitasmoan parte hartu zutenen jatorria kontuan hartuta, 24 hizkuntzatako hiztunek egingo dute bat, besteak beste, amazigera, bereberra, hassaniya, fula, farsia, punjabera, wolofa eta daria menperatzen dutenak.

Jaialdia 11:00 inguruan hasiko dute, ongietorri ekitaldiarekin. Jarraian, egitasmoaren ardatza diren euskara, harrera, ama-hizkuntza eta herria kontzeptuetan oinarritutako murala margotuko dute. "Ideia da gure parte hartzaileek lau gai horien inguruan dituzten bizipen, iritzi, pertzepzio, hutsune eta sentipenak jasotzea muralean, norberak nahi duen eta erosoen sentitzen den hizkuntzan", azaldu du Gurrutxagak.

Bisita gidatua egingo dute, 12:00etan, alde zaharrean, Arantza Otaduiren azalpenak lagun. Bazkal aurretik, elkar ezagutzeko jolasetan murgilduko dira, eta, 14:15etik aurrera, norberaren jaioterriko kultura gastronomikoan ohikoak diren jakiak dastatuko dituzte.

Eguna bukatzeko, 15:30en bueltan, Donostiako Auzoko taldeko partaideek eurek sortutako abestia joko dute, eta Arrasateko kideek dantza sahararrak eskainiko dituzte.

Modu horretan erakutsiko dute, beste behin, aukera zabala dagoela "herritarrak gure herrietako hizkuntza aniztasunaz jabetzeko eta euskaraz ardaztutako harremanen bidez elkarbizitzarako eta lankidetzarako sareak eraikitzeko". Hori baita Euskaltzaleen Topagunea Auzoko egitasmoaren bidez lortzen ari dena, dinamika gero eta herri gehiagotara zabaltzeko lanean diharduen bitartean.

Zertarako baliatuko duzu eguna?

MOHAMMED LAMINE
SAHARARRA

"Auzoko Egunean parte hartzea aukera polita da guretzako, iritziak partekatzen ditugulako beste komunitate batzuetako kideekin. Euskaldunak, marokoarrak, arabiarrak... batuko gara, eta elkar ezagutzeko baliatuko dugu".

 

FATIMETU DAH

SAHARARRA

"Hiru urte daramatzat Auzokon parte hartzen, eta aurrez egindako festetan ere parte hartu izan dut. Domekan arroza, kuskusa, haragia eta tea eramango ditugu eta dantza sahararrak erakutsiko ditugu. Ongietorriak zarete!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak