Astelehenero legez eguneratu ditu gaur egoera epidemiologikoari dagozkion datuak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Maiatzeko azken astean izandako beherakadaren ostean, egonkortu egin dira balioak Debagoienean; hots, 129tik 84ra jaitsi ziren positiboak duela bi aste, eta 82 kasu hauteman dira azken zazpi egunetan. Apirila hasieratik astebetean atzeman den positibo kopuru baxuena da.
Datu orokorrek egonkortasuna adierazten duten arren, herriz herriko irakurketa eginez gero bada ezberdintasunik. Antzuola, Elgeta eta Aretxabaletan gora egin dute positiboek azken astean; aipatzekoa azken honen kasua, 3tik 11ra igo baita astebeteko positibo kopurua. Aramaion, Bergaran, Eskoriatzan eta Oñatin, aldiz, beheranzko joerari eutsi diote, eta mantendu egin dira balioak Arrasaten. Gatzagan, berriz, ez da kasurik atzeman azken 26 egunetan.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Intzidentzia, behera
Duela bi aste izandako beherakadaren ondorioz –azken hamabost egunetako balioak hartzen dira kontuan intzidentzia-tasa kalkulatzerakoan–, beherantz jarraitzen du intzidentzia-tasak. 259,35ean da balioa, joan zen astelehenean baino 73 puntu gutxiagoan. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan zein Nafarroan ere beheranzkoa da bilakaera orokorra.
350en bueltan
Nafarroako Gobernuak datu berriak argitaratzearen esperoan –eguaztenean eguneratuko ditu–, egonkortasuna da nagusi azken asteetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan. 350 ospitaleraturen bueltan mantentzen dira balioak –joan zen astean, 327 izan zen minimoa, eta 383 maximoa–, eta Zainketa Intentsiboen Unitateetan dozena bat lagun egon dira egunean bataz beste –zortzi gutxienez, eta hamalau gehienez–.