Eroski Taldeak 59 milioi euroko irabaziak izan ditu 2021ean

Uxue Igarza Loiola 2022ko eka. 3a, 12:40

Domekan egindako batzar nagusian, iazko etekinen inguruko datuak eman zituen Eroski taldeak, eta bertan jakinarazi zen Agustin Markaidek taldeko lehendakari kargua utziko duela; Rosa Carabel izango dela kooperatibaren lehendakari berria.

Eroskik batzar nagusia egin zuen domeka arratsaldean Barakaldon. 500 ordezkari batu ziren bertan –250 bazkide langile eta 250 bazkide kontsumitzaile–, eta 2021eko ekitaldiak emandakoak izan zituzten berbagai. Zehazki, urteko banakako kontuak eta kontu kontsolidatuak onartu zituzten, eta baita joan den urteko ekitaldiaren kudeaketa txostena ere.

Alderdi ekonomikoari erreparatuta, iazko urtean 59 milioi euroko irabaziak izan zituen kooperatibak; azken hamalau urteetako zenbateko oparoena, Markaide lehendakariaren esa-etan. Taldeak adostu duenez, 55,9 milioi euro erreserbetara bideratuko dituzte eta beste 2,8 milioiak Mendeko Finantza Ekarpenen interesak ordaintzeko erabiliko dira.

Bestetik, iaz, 600 bazkide kooperatibista berri batu ziren taldera, eta azaldu dute bost urte barru 2.000 bazkide berri izatera iristea dela erronka. Momentu honetan, 33.000 bazkide kooperatibista, langile eta frankizia-hartzaile baino gehiago dira.

Lehendakari aldaketa taldean

Domekakoa Agustin Markaide lehendakariaren azken batzarra izan zen kargu horrekin. 11 urteko ibilbidearen ostean –eta kooperatiban 30 urte baino gehiago egin ondoren–, Kontseilu Errektoreak jakinarazi zuen Rosa Carabel izango dela Eroskiko lehen exekutiboa uztailaren 1etik aurrera. Markaidek eskerrak emateko baliatu zuen bilkura, eta taldea osatzen duten kideek egindako lanari eman zion balioa: "Gizarteak azken urteetan izan dituen aldaketei erantzun egokia emateko ahalegina egin dute Eroskiko profesionalek". Era berean, nabarmendu zuen horrek baduela "isla" Eroskiren bilakaera ekonomiko eta finantzarioan, eta azken ekitaldiko emaitza "oso ona" izan dela.

Aurrera begira, "ilusioz jarduteko" dei egin zien Markaidek bazkideei, eta Carabelen "profesionaltasuna" azpimarratu zuen, "begirada berriek" erronkei aurre egiteko "aukerak" eskaintzen dituztela esanez. Carabelek "eskertuta" dagoela adierazi zuen, eta "proiektuaren oinarriak indartzeko eta bidean aurrera egiteko asmoz" ekin diola aro berriari.

Akordioa, "bertakoaren alde"

Carabelek berak jakinarazi zien bazkideei "nekazaritzako elikagaien industriari bultzada emateko" hitzarmena berrituko dutela Jaurlaritzarekin: "Gizartea eta kontsumitzailearen joerak bizkor aldatzen ari dira (...) Jendarteak apustu argia egiten du elikadura osasungarri eta iraunkorren alde; bertako produktuen alde. Horrek bete-betean egiten du bat gure kooperatibaren konpromisoarekin".

Hitzarmenaren arabera, Eroskik eta tokiko ekoizleek duten jarduera komertziala "hiru aldiz" haziko da. "Hobetu egin nahi dugu hurbileko produktuak kontsumitzeko esperientzia". Calabelek azaldutakoaren arabera, ia 300 dira Eroskirekin lan egiten duten tokiko ekoizleak eta 2.400 produkturekin baino gehiagorekin hornitzen dute kooperatiba.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak