'Ticket Bai'-ren ezarpena salatu dute dendari txikiek

Uxue Igarza Loiola 2022ko eka. 3a, 11:52

Debagoieneko eta Gipuzkoa osoko merkatari txikiek elkarretaratzea egin dute asteon, Foru Ogasunak ezarri nahi duen fakturazio sistema berriaren harira. Protestara batu dira, besteak beste, Arrasate, Bergara eta Oñatiko merkatarien elkarteko kideak ere.

Dendartean Gipuzkoako Merkatari Elkarteen Bilkurak deituta, martitzenean elkarretaratzea egin zuten dendari txikiek Foru Aldundiaren egoitzaren parean. Ticket Bai, horrela ez lelopean, merkatariek salatu zuten establezimendu txikiek ezin diotela "aurre egin" sistema berria ezartzeak dakarren "gastuari", eta epeen gaineko kexak ere plazaratu zituzten.

Sistema berria azaroan sartuko da indarrean gipuzkoarrentzat; Bizkaiko eta Arabako merkatariek, aldiz, beste bi urte izango dituzte oraindik aldaketa egiteko. Lierni Arregi Bergarako Bedelkar Merkatarien Elkarteko kideak azaldu du ez dela "bidezkoa" lurraldeen arteko alde hori: "Aldundiak ez doaz batera, ez dituzte neurri berak jarri (...) Ez gaude sistemaren kontra; bai, ordea, indarrean jartzeko erabiltzen ari diren moduaren kontra".

Arrasateko Ibai-arte elkarteak ere ohar bidez azaldu du protestako mezu nagusia: "Administrazio publikoak arduraz jokatu behar du, eta egiten dituen eskakizunen mailan egon behar du. Ticket Bai ongi ezartzeko beharrezkoak zaizkigun denbora eta baliabideak jarri behar dizkigute".

Txikientzako, "gastu handia"

Arrazoi ekonomikoak dira merkatarien kezka iturri nagusia. Mobilizazioan azaldu zutenez, "ezinezkoa" iruditzen zaie sistema ezartzea "sektorean kalte handia sortu gabe. Ticket Bai ezartzeko zailtasuna ez da berdina enpresa handi, enpresa txiki edo merkatari txikientzat; beraz, Ticket Bai ezartzeko laguntzak eta egutegia sektoreka eta enpresen tamainen arabera bereizi beharko lirateke", diote Ibai-arteko merkatariek.

Oñatiko Txanda Merkatari Elkarteko presidente Bilma Sotok ere ildo beretik jardun du: "Dendari txikioi ahalegin handia eskatzen digu aldaketak. Batzuek softwareak ere aldatu behar dituzte, eta ekipo berriak erosi". Izan ere, teknikoki sistema honek dakarrena da jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisiko eta juridiko guztiek Aldundiak ezarritako baldintza teknikoak betetzen dituen fakturazio-software bat erabili behar izatea.

Lierni Arregi bergararrak azaldu du sistemak "esfortzu handia" eskatzen diola hari: "Nire sistema ez dago eginda Ticket Bai ezartzeko. Makina berria beharko nuke eta 3.000 bat euro balio du".

Bestetik, Dendarte Elkarteak salatu du "hasierako kostuaz" gain, hileroko mantentze gastuak ere ekarriko dituela sistemak.

Gardentasuna aldarri

Horrez gain, beste bi mezu ere helarazi nahi izan dizkiote dendariek Gipuzkoako Foru Aldundiari: alde batetik, azpimarratu dute badaudela merkataritzaren alorrean "arautu beharko" beste jarduera batzuk; adibidetzat jarri dituzte online salmenten fiskalitatea eta saltoki handien gaineko zergak. Ildo beretik joan da bigarren mezua ere: "Ez dugu ezer ezkutatzeko; saltoki txikiok gardentasun osoz egiten dugu lan Ticket Bai-ren beharrik gabe (...) Gainera, Aldundiak eskatzen duen urgentzia hau ez da inolaz ere beharrezkoa ikuspegi fiskaletik; izan ere, saltoki txikiok salmenta-tiketa eskaini ohi dugu".

Formakuntza eta laguntzak

Orain arte, Aldundiak, udalek eta zenbait merkatari elkartek sistema erabiltzen ikasteko formakuntzak eskaini dituzte. Nolanahi ere, merkatariek azaldu dute "galduta" daudela. "Hitzaldi batzuk eman dizkigute, baina ez dakigu askorik. Gure aholkulariak ere nahiko galduta dabiltza", onartu du Arregik.

Dirulaguntzei lotuta, "ziurgabetasuna" dagoela azaldu du Bedelkarreko kideak: "Ez gara ausartzen; izan ere, dirua aurrez jarri behar da, eta oraindik batzuei ez zaie laguntza iritsi".

Aldundiaren esanetan, sistema berriak zergadunen jarduera ekonomikoen diru-sarrerak eta betebeharrak "kontrolatzen" lagunduko du. Eta, momentuz, protestak protesta, ez dute aldaketatik iragarri asmoetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak