Langabeziak behera egin du maiatzean, langabeen arteko genero arrakala handituz doan bitartean

Jon Irizar Aranguren 2022ko eka. 2a, 15:50

Behera egin du maiatzean langabeziak Debagoienean; zehazki, 2.339 herritar zeuden lanik gabe, apirilean baino 80 gutxiago. Hala, langabezia-tasa %7,62an kokatu da. Ertzei erreparatuz gero, handitu egin da generoen arteko arrakala azken hilabeteetan; emakumeak dira bailaran lanik gabe dauden herritarren %57a.

Espainiako Enplegu Zerbitzuak emandako datuen arabera, behera egin du langabeziak maiatzean Debagoienean. Langile aktibo gisa izendatuta dauden 30.683 herritarretik 2.339 zeuden lanik gabe urteko bosgarren hilabetea amaitzean, apirilean egoera berean zeuden herritar kopurua baino 80 gutxiago. Aretxabaleta eta Elgeta izan dira langabeek gora egin duten bailarako herri bakarrak; apirilean baino zortzi eta bi herritar gehiago zeuden langabezian, hurrenez hurren.

Hala, langabezia tasa %7,62an da, azken 17 hilabeteetan izan den baliorik baxuenean. Bilakaerari erreparatuta, baina, joan zen urteko joera berdintsua atzeman liteke grafikoan; 2021eko martxoan eta apirilean apenas egon zen aldaketarik, eta maiatzean, aldiz, behera egin zuten langabeek. 2022an ere antzeko bilakaera izan dute balioek. %0,46ko jaitsiera izan zuten orduan; %0,26an egin du behera aurten.

Arrakala handituz

Espainiako Enplegu Zerbitzuak eguneratzen dituen datuek ertzei erreparatzeko aukera ere eskaintzen dute. Besteak beste, sektoreka eta generoka xehatzen dituzte langabeak –eguneraketa hau ez dute hilabeteko lehen egunetan egiten, beranduago baizik–. 2022ko apirilekoak dira aldagai hauek biltzen dituzten azken balioak.

Grafikoan ikusi daitekeen bezala, geroz eta handiagoa da langabezian dauden gizonezkoen eta emakumezkoen arteko arrakala Debagoienean. 2005eko datuak dira Espainiako Enplegu Zerbitzuak eskaintzen dituen lehenak; bailarako hamar langabeetatik sei emakumezkoak ziren orduan. 2008tik 2014ra berdintzen joan ziren balioak, baina geroztik, gora egin du emakumeen ehunekoak. Apirilean, esaterako, azken 14 urteetako arrakala handiena izan da. Zehazki, Debagoieneko 2.419 langabeetatik 1.381 ziren emakumezkoak (%57,08), eta 1.038, aldiz, gizonezkoak (%42,92).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak