Rebel Noise: "Jendearen espektatibak gainditu ditugu diskoarekin"

Hasier Larrea 2022ko mai. 27a, 09:55

Boskote gaztea da Aramaio, Oñati eta Arrasateko kidez osatutako Rebel Noise taldea. Batxilergoan eta DBHn ikasten dute lau kidek, eta unibertsitatean bakarrak. Horrek ez du kentzen kaleratu berri duten Infernuko atean lehen diskoari mimo eta lanketa handia eskaini izana. Gaur gauean aurkeztuko dute Arrasateko gaztetxean.

Aimar Iturricastillo abeslari oñatiarrak, Oihan Azkarate baxu-jotzaile aramaioarrak,  Manex Bakero bateria-jole arrasatearrak, eta Unax Iñarra eta Andoni Agirre gitarra-jotzaile eta korulari arrasatearrek osatzen dute Rebel Noise. Musakola auzoko gaztetxokoan egin zuten bat, 2019an. Usurbilgo Higain estudioan grabatu eta nahastu duten lehen lana aurkeztuko dute Arrasateko gaztetxean, 22:30etik aurrera, Elorrioko Estuturekin oholtza partekatuta. Zapatuan Debako gaztetxean izango dira, Kontralderekin. Agirrek erantzun ditu galderok, taldekideen izenean.

Infernuko atean zaudetela uste al duzue?

Momentu honetan, bai, ate hori zabaldu eta musika-eszenan sartzeko asmoa dugulako; gorroto eta kaos handiaren eraginez oso banatuta dagoen eszenan. Disko osoa behin eta berriz entzun ostean, bi hitz horiek iruditu zitzaizkigun egokienak, hitz asko tristura edo etsipenetik egin ditugulako, eta infernua ere asko erabiltzen dugulako hitzetan. Esan gabe doa pandemia garaian egindako kantuak direla. Hala ere, orain egiten ari garen abestiak ildo beretik doaz, orokorrean. Ez zaigu gaizki iruditzen.

Kaleratu duzuen lana ez da horren kaotikoa.

Zentratuta ibili gara, lokalean sartuta. Ez genuen maketa sinple bat atera nahi, zerbait duina egin nahi genuen. Inbertsioa egin dugu grabaketan, aspaldi ateratako kamisetak salduta batutakoarekin eta guk jarritakoarekin. Diskoaren salmentekin eta kontzertuekin joango gara zorrak kitatzen. Infernuko atean Arrasateko Taupan eta DATen, Aretxabaletako Urbaltzen, Eskoriatzan Inkernun, Oñatin Ikatzen, eta Bergaran Arranon eskura daiteke, besteak beste.

Diskoaren azala.

Zuen musikak hitzekin kontrastatzen du.

Doinu alaiak erabiltzen ditugu, hemen oso ohikoak diren gaiak azaleratzeko: laguntasuna, alde batetik, baina gero norberaren arazoak, galduta gaudenaren sentsazioa, errebindikazioak... adierazten ditugu. Gorroto eta etsipenetik sortuak, sarri.

Ze kritika jaso dituzue?

Lagunek orokorrean oso ondo hartu dute. Ezagutzen ez dugun jendeak ere zoriondu gaitu. Askok pentsatuko zuten: umemoko hauek egingo dute betikoa… eta ez dabiltza oker, baina landuta dagoela esaten digute: Espero nuena da, baina gainditu dituzue espektatibak.

Nolakoak izan ziren lehen pausoak?

Hasieran Unax eta biok hasi ginen, gero Manex eta Oihan etorri ziren. Abeslaria behar genuen, eta Iturri sartu zen, Zigarrolako gaztetxokoan beste talde batekin entseatzen zuelako. 2019an lehenengo kontzertua jo genuenean ez geneukan ezta izenik. GazteTalent-en izan zen, Arrasateko gaztetxean, gaztetxokoak proposatuta. Bizpahiru abesti jota, gogoekin geratu ginen. Gero, gaztetxokoaren bitartez baita ere, sanjuanetan abesti pare bat jo genituen Otalora Lizentziaduna kalean, Kulturate ostean. Horren ostean, Elkartasun Egunean aritu ginen DATen.  Zumarragan Libertad Condicionalekin Santamasen aurretik, eta gero Santamasetan gaztetxean.

Leintz-Gatzagan.

Nola sortzen dituzue abestiak?

Normalean baten batek abestia ia bukatuta ekartzen du, baina gero aldatzen dugu guztiz. Adibidez, nik eraman dezaket musika, Unaxek pentsatzen du letra, eta saiatzen gara bat egiten. Lokalera sartzen garenean, aldaketak egiten dizkiogu eta guztiz desberdina da. Gustura gelditzen gara emaitzekin, normalean. Grabatzera sartu ginenean abesti batzuek urte eta erdi zeramatzaten sortuak. Badut gogoa hurrengo lana nola irteten den ikusteko. Pasa da denbora. Atera kontuak: abeslariak orain 16 urte dauzka, baina abestiak egin genituenean, 14. Adin aldaketa hori nabarmena da.

Eta orain, ze asmo?

Ia astebururo joko ditugu kontzertuak. Gaur Arrasaten eta bihar Deban, ekainaren 3an Gasteizen, 4an Legorretan, 17an Ijurretan, 18an Elorrion, 27an Arbizun, uztailan 1ean Aramaioko jaietan, 15ean Antzuolako jaietan, 16an Ordizian, 25ean Ermuan… Hori nahi genuen, udan zuzenekoak bata bestearen segidan egin, eta uda ostean lasaiago ibili.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak