"Jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik, emakumeentzako gune seguruak izan behar dutela beti gogoan izatea nahi dugu". Hala mintzatu da gaur goizean Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua den Beatriz Artolazabal Emakundek Arabako, Gizpuzkoako eta Bizkaiko foru aldundiekin eta Eudelekin lankidetzan egin duen gidaliburuaren aurkezpenean. Hain zuzen, agerraldian izan dira Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Gorka Urtaran Eudeleko presidentea zein Ainhoa Campo (Araba), Miren Elgarresta (Gipuzkoa) eta Patricia Campelo (Bizkaia) aldundietako berdintasun zuzendariak.
Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko Gida izena jarri diote jarraibideak biltzen dituen dokumentuari. Beldur barik programaren baitan osatu dute "prozesuak bultzatu edo/eta indartzeko" baliagarria den gidaliburua, eta udalentzat, jai-batzordeentzat, ostalaritzarentzat, txosnentzat eta jai-ekitaldiak antolatzen dituzten pertsona edo kolektibo guztientzat izan liteke baliagarria. Gorka Urtaranek adierazi bezala, "tokiko komunitate osoak lagundu behar du jai-gune seguruak eraikitzen, berdintasunean oinarrituta elkarrekin bizitzeko, eta, batez ere, beldurrik gabe”.
Hiru helburu
Eraso matxistak identifikatzeko eta prebenitzeko, biktimei arreta emateko eta erasoei erantzun publikoak antolatzeko jarraibideak ematen ditu gidaliburuak. Era berean, ostalaritza sektoreari eta txosnei espresuki zuzendutako eranskin bat ere badu. Hona gida osoa.