Behera egin dute kasu berriek; gora, ordea, ospitaleratuek

Jon Irizar Aranguren 2022ko mai. 23a, 13:54

Nabarmen jaitsi da azken zazpi egunetan gaitza atzeman zaien debagoiendar kopurua; 129 positibo berri hauteman dira, maiatzeko bigarren astean baino %41 gutxiago. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan dauden herritar kopurua, baina, kontrako norabidean da; joan zen domekan baino 46 herritar gehiago zeuden ospitaleratuta atzo.

Eguerdian eguneratu ditu Eusko Jaurlaritzak egoera epidemiologikoa bistaratzen duten datuak, eta kontrako bi norabide atzeman litezke; gaitzaz kutsatu diren herritar kopurua batetik, eta ospitaleetako arreta behar dutenak bestetik.

Positibo berriei dagokionez, nabarmen egin dute behera azken zazpi egunetan. Debagoienean, zehazki, 129 kasu hauteman dira, duela bi aste baino %41 gutxiago (218), eta maiatzeko lehen astean baino %47 gutxiago (244). Bergaran (+2), Elgetan (+2) eta Eskoriatzan (+1) kasu gehiago atzeman diren arren, bilakaera orokorra beheranzkoa da. Nabarmentzekoa Arrasateren eta Oñatiren beherakada; %46an eta %47an egin dute behera positibo berriek, hurrenez hurren.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Behera, nabarmen

Positibo berrien bidetik, intzidentzian ere beherakada nabarmena izan da; hots, 189 puntuan jaitsi da tasa azken zazpi egunetan, 721,80tik 542,13ra, zehazki. Maiatzeko balio baxuena da, eta bailarako herri guztiek 1.000tik beherako intzidentzia-tasa dute. Probintziei erreparatuta, behera egin dute balioek Araban (633,54) eta Gipuzkoan ere (501,76); modu xumean bada ere, gora, ordea, Bizkaian (620,08).

400eko langa

Maiatzean lautan igaro du ospitaleratu kopuruak 400eko langa; beti Hego Euskal Herriko lau probintzietako datuak batuta. Bada, Nafarroako datuen faltan, 392 pertsona zeuden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan atzo; joan zen domekan baino 46 herritar gehiagorekin, maiatzeko balio altuena da. ZIUetako egoera egonkorragoa da, 9 eta 11 herritarren artean izan baita aste osoan zehar zainketa intentsiboa behar duten herritar kopurua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak