Askotariko emakumeak Topagune Feministara

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko mai. 20a, 11:23
Arrasaten, Oñatirako deia egiten, duela bi aste.

Emakume, trans eta bollerak Oñatira deitu ditu Bilgune Feministak ekainaren 11 eta 12rako. Egitarau zabala antolatu dute atzera elkartu eta erakundearen hogeigarren urteurrena ospatzeko. Anariren kontzertuarekin amaituko dute bi eguneko jarduna.

"2001ean emakume abertzaleen topaketa feminista batzuk egin ziren Leitzan, eta agerian geratu zen antolakunde feminista nazional bat behar zela Euskal Herrian. Hortik sortu zen, 2002ko apirilean, Bilgune Feminista". Horixe erakundearen sorreraren azalpena, Amaia Etxabe kide arrasatearraren hitzetan. "Burujabetza feminista" jomuga, nazio mailako erakundeak, dena dela, herriz herriko taldeak ere baditu sostengu; Debagoienean, Arrasatekoa –nahiz eta beste herrietan ere eduki bidelagunak–, eta bertan egin zuten, duela aste pare bat, ekainaren 11n eta 12an Oñatin egingo den Topagune Feministarako motorrak berotzeko saioa. 

"Egindako bidea ospatzeko hitzordua da Oñatikoa". Baita elkartzeko ere, Amaia Etxaberen arabera: "Azken bi urteetan, herri mugimenduak apalduta egon dira. Eta horri erantzunez ere badator leloa". Eztandak dardara gaitzala da aukeratu dutena, "esnatze bat" irudikatu nahian: "Helburua da Euskal Herriko hamaika txokotako feministak Oñatin biltzea". 

Egitarau zabala

Topaguneak aukera ugari eskainiko ditu bi egunez: "Zapatu goizean mahai-inguru nagusi bat egongo da, eta burujabetza feministaren gainean arituko gara bertan. Arratsaldean, berriz, burujabetza feminista hori errealitate bihurtzeko praktika, gogoeta eta sormenerako jarduera pila bat egongo dira. Hainbat gai landuko dira: bizitza erdigunean jartzea, zis-hetero arauei desobedientzia, borroka ekologista...". Gaiok lantzeko moduak askotarikoak izango dira, esan bezala, eta, honela, "bertso saioa, musikarien elkargunea, Euskal Herriko Neska* Gazteen hitzaldia, soinu teknikari tailerra, zunba tailerra"... izango dira. Eta zapatuko beste zenbait ekintza ere nabarmendu ditu Etxabek: "Jule Goikoetxeak Estallidos liburua aurkeztuko du, eta Arantza Santestebanen 918 gau filmaren emanaldia eta horren inguruko solasaldia ere izango dira". Eguna amaitzeko, ekitaldi nagusia eta kontzertuak egingo dituzte, Ginger (Euskal Herria), Ira (Espainia), Chocolate Remix (Argentina) eta DJ Miaurekin (Euskal Herria). 

Domekarako utzi dituzte emakume sortzaileen azoka, bazkari herrikoia eta Anariren kontzertua, besteak beste.

Topagunerako bonoak Oñatiko Arrano tabernan eros daitezke, eta baita sarean ere (tickets.kutxabank.es). Furgonetentzako aparkalekuan lekua gordetzeko bonoak ere badaude. Hiru aste barrurako deia, beraz, emakume, bollera eta transei: "Bilgune Feministak saretzen dituen askotariko pertsona eta kolektiboekin elkartu eta elkarrekin gozatzea nahi dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak