Ikus-entzunezko Lege berrian euskararen "gutxieneko presentzia" arautzeko eskatu du euskalgintzak

Jon Irizar Aranguren 2022ko mai. 17a, 14:07
(Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua)

Eguenean hasiko da Ikus-entzunezko Lege berriaren inguruko eztabaida Espainiako Kongresuan, eta "euskararen etorkizunean izango duen garrantzia" aintzat hartuta, agerraldia egin dute euskalgintzako hainbat eragilek. Legeak jaso beharreko ardatzak proposatzeaz gain, "gutxieneko duinak onartzeko urratsak" egin ditzatela eskatu diete euskal alderdiei.

Eguen honetan, maiatzak 17, ekingo diote Espainiako Kongresuan Ikus-entzunezko Lege berriaren eztabaidari. Eztabaidaren atarian, legeak jaso beharreko ardatz nagusiak proposatzeko agerraldia egin dute gaur euskararen eta ikus-entzunezkoen sektoreko hainbat eragilek Donostian; tartean izan da TOKIKOMeko presidente eta Goienako zuzendari den Iban Arantzabal. Elgetarraz gain, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Igor Astibia Hekimeneko koordinatzailea eta Alex Aginagalde Pantailak Euskarazeko bozeramailea izan dira agerraldian.

Lege berriak "euskararen etorkizunean eta berreskurapen prozesuan izango duen garrantzia" azpimarratu nahi izan dute. Hala, euskararen "presentzia duina bermatzeko gutxieneko neurriak jasotzeko" eskaera egin dute. 2020ko abenduan aurreproiektua aurkeztu zenean, ekarpen bateratuak egin zituzten hainbat eragilek euskararen presentzia bermatzeko kuotak eskatuz. Bilbaoren hitzetan, baina, "gure ekarpenak ez ziren kontuan hartu, ezta gainerako berezko hizkuntzen alde lan egiten duten eragileenak ere".

Arantzabal, Amonarriz, Astibia, Aginagalde eta Bilbao, solasean. (Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua)

2021eko azaroan Espainiako Gobernuak egindako lege-proiektuak ere ez zuen "aldaketa esanguratsurik". Eragileek ekarpenak zuzenketa bihurtu eta euskal alderdiei bidali zieten, baita gainerako berezko hizkuntzen alde lan egiten duten eragileek Gobernua osatzen duten alderdiei ere. Bilbaoren hitzetan, "alderdiek zuzenketak egin dituzte, eta guk egindako ekarpenak jasota daudela esan daiteke". Horrek, baina, "ez du esan nahi legeak jasoko duenik". Eguen honetan eztabaidatuko dira, hain zuzen, lege proposamenari alderdiek egindako ekarpenak.

"Gutxieneko presentzia"

Agerraldian batu diren eragileek bat egin dute legeak jaso beharreko ardatzetan. Hona proposamenen laburpena.

  • Aldez aurreko finantzazioan hizkuntza gutxitu bakoitzari %8 esleitzea.
  • Diru publikoz egindako lanetan euskarazko bikoizketa eta azpidatziak txertatzeko betebeharra ezartzea.
  • Telebista publikoetan ere gutxieneko kuotak ezartzea.
  • Plataformetako menuak ere euskaraz jartzea.
  • Kokapen geolokalizazio bidez euskarazko edukiak nabarmentzea.
  • Autonomia-erkidegoek legea garatzeko eta euren hizkuntza ofizialak sustatzeko betekizun berriak sartzeko aukera izatea.

Euskal alderdiei eskaera zehatza egin diete eragileek: "Eskaerak onartzeko urratsak egin ditzatela".

Maiatzaren 26a

Ekarpenak eztabaidatu ostean, aurreikusten da maiatzaren 26an bozkatuko dela osoko bilkuran Espainiako Ikus-entzunezko Lege berria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak