Bost astez goranzko joera izan ostean, duela bi aste baino positibo berri gutxiago atzeman ziren joan zen astean Debagoienean. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak egoera epidemiologikoaren inguruan egindako datuen eguneraketak dioenez, 218 kasu berri atzeman dira maiatzaren 9tik 15era bailaran, hileko lehen astean gaitzak erasan zituenak baino 26 herritar gutxiago.
Herriz herriko balioei erreparatuta, Arrasaten soilik egin dute gora datuek, eta modu adierazgarrian, gainera. 113 kasurekin, joan zen astean baino 44 kasu gehiago hauteman dira; zehazki, arrasatearrak dira bailaran atzeman diren positibo berrien %51,83a.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Intzidentzia, gora
Kasuen beherakadak, baina, ez du intzidentziaren goranzko joera eten. Hala, 721,80an da tasa, joan zen astelehenean baino 39 puntu gehiagoan. Araba (710,16), Bizkaia (602,76) eta Gipuzkoako (552,15) lerroak ere gorantz doaz, azken asteko datuek bilakaera geldotu duten arren.
Ospitaleak, egonkor
Azken hilabetean ospitaleetako datuak dira astetik astera gorabehera gutxien izaten ari direnak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –eguaztenean argitaratuko dira Nafarroako datuak– 346 ospitaleratu zeuden atzo, horietatik 10 ZIUetan. Atzera begiratuz gero, 332 herritar zeuden duela zortzi egun Euskal Autonomi Erkidegoko erietxeetan, eta 8 ingresatuk behar zuten zainketa intentsiboa.