Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk elkarlanean garatu duten Adin-adin ekimenaren zazpigarren edizioa izango da datorrena. Azken saioek azaroan izan zuten harrera ona ikusita, beste hamazortzi bertso saio antolatu dira Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzetan. Udazkenera arte itxaron gabe, maiatzaren 13an izango da lehenengoa, Azpeitian. Hilaren bukaerara arte eskualde berekoak eta belaunaldi ezberdinetakoak diren bina bertsolari egongo dira saio bakoitzean.
Bertso saioak aurrez prestatzen dira egoitza bakoitzeko dinamizatzaile eta animatzaileen bidez egoiliarrekin. Gogoko dituzten bertso zahar eta kantu herrikoiak lantzen dituzte eta, horrek, parte-hartzera eta euren arteko harremana hobetzera bultzatzen ditu. Musikak eta bertsoek memoria lantzea ahalbidetzen die adineko pertsonei eta eragin positibo honi probetxua atera nahi zaio saio hauekin.
Hiru saio bailaran
Bihar hasiko dira bertso saioak Azpeitian. Julene Iturbe eta Juan Joxe Eizmendi – Loidisaletxe – izango dira San Martin egoitzan ekimenari hasiera emateaz arduratuko direnak. Hile bukaerara arte, ia ez du etenik izango ekimenak. Saioen artean, ondorengo hiruak izango dira Debagoienean:
- Bergara: Mizpirualde egoitza (maiatzak 19, eguena) – Bertsolariak: Ainhoa Agirreazaldegi eta Andoni Egaña.
- Aretxabaleta: Debagoiena egoitza (maiatzak 20, egubakoitza) – Bertsolariak: Haizea Arana eta Sebastian Lizaso.
- Arrasate: Iturbide egoitza (maiatzak 27, egubakoitza) – Bertsolariak: Maider Arregi eta Anjel Mari Peñagarikano.