Kontrario gogorrak dituzte Herri Artekoan

Xabier Urtzelai 2022ko mai. 13a, 12:00
Manex Guridi oñatiarra, Herri Arteko Txapelketako kanporaketa batean, artxiboko irudi batean.

Aretxabaletak eta Oñatik asteburuan hasiko dute Herri Arteko Txapelketa txapelketa. Aretxabaletarrek etxean jokatuko dute, domekan (16:30), Hernaniren kontra. Oñatiarrek, aldiz, Amezketan dute hitzordua gaur. Bergararrak ere gaur ziren Azkoitian lehiatzekoak, baina lesio bat tarteko, uko egin behar izan diote txapelketari.

Asteburuan hasiko dute Aretxabaletako eta Oñatik Herri Arteko Txapelketa, eta GOIENA bi taldeetako ordezkari Juan Mari Errastirekin (Aretxabaleta) eta Josu Osarekin (Oñati) izan da. Biek nabarmendu dute kontrario gogorrak egokitu zaizkiela lehen kanporaketa honetan, eta aurrez, oñatiarrek dute aurrera egiteko aukera handiena. Julen Aranbururen (Bergara) hitzak ere bildu zituen GOIENAk, baina pilotari baten lesio bat tarteko, atzo eguerdian uko egin behar izan zioten txapelketari.

JUAN MARI ERRASTI: "IAZ, HERNANIREN KONTRA GALDU EGIN GENUEN, BAINA EZ DIEGU BELDURRIK"

Aretxabaletak, etxean

Domekan (16:30), Iturrigorri pilotalekuak Aretxabaletaren eta Hernaniren arteko partiduak hartuko ditu. "Herritarrei dei egin nahi diet herriko pilotariak animatzera etortzeko. Hernani ez da kontrario berria guretako, iaz ere euren kontra jokatu genuen eta txapelketako herri indartsuenetako bat izango da aurten ere. Iaz, ez genuen askorik egiterik izan, 6-0 galdu genuen, baina nik ez diet beldurrik. Halakoetan beti pentsatu ohi dugu kontrarioa norbera baino hobea dela, baina etxean partidu bat irabazten badiegu, itzuliko partidurako belarriak tente jarriko dizkiegu", adierazi du Errastik. Egia da aretxabaletarrek erronka polita izango dutela aurrean, kadete mailan hutsunea dute eta. "Partidu horretan ez dugu zeregin handirik, kategoria horretan infantil mailako pilotariekin jokatuko dugu. Baina gazte mailan eta seniorretan ordezkari txukunak ditugu".

Oñati, kanpoan

Oñatiarrak "baikor" dira Amezketaren aurka jokatuko duten lehenengo kanporaketari begira, aurrera egiteko aukera dutela sinetsita: "Nahiko estu egongo da kanporaketa; esango nuke Amezketakoen eta gure artean indarrak nahiko parean daudela, eta, seguruenik, kadete mailako partiduak izango dira erabakigarriak. Baliteke gazte mailan eurak izatea faborito, eta, akaso, senior mailan guk talde hobea dugu. Horregatik diot kadete mailako lehia izan daitekeela erabakigarria, baina tira, kanporaketak jokatu egin behar dira", dio Osak.

JOSU OSA: "AMEZKETAREN KONTRA INDARRAK PAREAN DITUGULA ESANGO NUKE"

Herri Arteko Txapelketan aurrera egitea oso zaila izaten da, badirelako harrobi dezente handiagoa duten taldeak. "Azkoitia, Azpeitia, Oiartzun... Talde horiek nabarmenduko nituzke nik faboritoen multzoan, eta horien kontra aurrera egitea zaila izaten da. Baina lehenengo kanporaketa gainditzea erronka polita izaten da, hori motibagarria izaten da pilotariendako, eta, modu batera edo bestera, txapelketari beste kolore bat ematen diozu. Ea Amezketan kanporaketa polita egiten dugun; ondoren, etxean itzuliko norgehiagokan giro polita izango dugu pilotalekuan, seguru".

JULEN ARANBURU: "KANPORAKETA ZAILA DUGU AZKOITIARREN KONTRA, BAINA GOGOZ GAUDE"

Bergarak, ezin

Mahoneroek azkoitiarren etxera egin behar zuten gaur bidaia. Jakitun ziren aurrez ere zaila izango zutela aurrera egitea, Azkoitiak "talde indartsua" izaten duelako. Gainera, gazte mailan "zailtasunak" izan dituzte taldea osatzeko. Maddi Barrocalekin jokatzea ere pentsatu zuten: "Gazte mailakoa da, baina egia da adin tarte horretan, eta tokeko pilotekin, gizonezkoen eta emakumezkoen artean aldea nabarmena izaten dela". Hala, kadete bat gazte mailara eta infantil bat kadete mailara igotzea zen lehen asmoa. Astean, baina, Azkoitian kantxaratzeko zein seikoteko kide bat lesionatu egin da, eta atzo eguerdian bertan uko egin behar izan zioten Herri Arteko Txapelketan parte hartzeri. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak