Maider Biteri: "Debagoienak badu erronkei elkarlanetik eta modu berritzailean erantzuteko kultura bat"

Miren Arregi Amasorrain 2022ko mai. 10a, 12:00

Egiteko moduetan eta helburuetan –Garapen Jasangarriko Helburuak– lerrokaturik, Debagoiena 2030ek eta LagunArok elkarlanean aritzeko oinarriak finkatuak dituzte. Maider Biteri da LagunAroko pertsonen saileko zuzendaria.

60 urtetik gorako esperientziarekin, LagunAro EPSV bazkide kooperatibistentzat sortutako gizarte babeserako sistema bat da. Gizarte eraldaketari erabat loturik, une honetan, etorkizuneko erronkei erantzuteko norabidea argi du erakundeak: euskara, berdintasuna eta jasangarritasun ekologikoa.

Eraldaketa soziala LagunAroren DNAn dagoen kontzeptua da, baina zergatik kooperatibistei babes soziala eskaintzera bideratutako erakunde bat eraldaketa sozialari lotu?

LagunAroren xedea mutualistek, pentsiodunek eta kooperatibek dituzten beharretara egokitzea den heinean, ezinbestekoa ikusten dugu eskaintzen ditugun prestazio edota zerbitzu guztiak eraldaketa sozialaren oinarriekin lotzea, bilatu nahi dugun ongizate maila lortzera lagunduz.

Zein izan da gizarteari eginiko ekarpen horretan bilakaera?

LagunAroren historia gizartean izan diren aldaketei guztiz lotuta egon da beti. Izan ere, LagunAro 1959an sortu zen, garai hartako kooperatibistak sistema publikoaren inolako babes sozialik gabe geratu zirelako. Handik aurrera, sistema bera egokitzera behartu duten zenbait gertaera historiko esanguratsu bizi izan ditugu; adibidez, 1983an gertatu zen Talde Kooperatiboaren lehen enplegu krisia. Egoera hartatik, Enplegurako Laguntzaren prestazioa ezarri zen, ordutik hona hainbeste egoeratan lagundu izan diguna.

Une honetako eta hasierako beharrak desberdinak dira?

Funtsean berberak izaten jarraitzen dutela esango nuke, baina, aro berri honen aurrean, orain arte erabilitako ereduak berrasmatzeko garaia heldu dela uste dut.

Zer ematen dio eraldaketa sozialak zuen erakundeari?

Nire ustez, eraldaketa sozialak norabidea markatzen digu, gizartearen erronkak ezagutuz eta gure kolektiboaren ardurak entzunez.

"Eraikinak eraginkorrago eta ekologikoago  bihurtzea ezinbestekoa da"

Une honetan, Oreka 2030 plangintzarekin norabidea argi du estrategia horrek. Zein dira gako nagusiak?

Oreka 2030 kooperatiba mailan martxan jarri dugun ekimena da, 2030 Agendarekin, Debagoiena 2030ekin eta Garapen Jasangarriaren Helburuekin (ODS) lerrokatuta dagoena.
Plangintza horren gakoak,
momentuz, hiru dira: euskara, berdintasuna eta jasangarritasun ekologikoa, hain zuzen ere.

Besteak beste, Arrasatekoa eraikin jasangarriago bilakatzeko asmoa duzue. Zertan da hori?

LagunAroren egoitza deskarbonizatzeko proiektua martxan jarri genuen iaz. Izan ere, Estatu mailan atmosferara botatzen den karbono dioxidoaren herena baino gehiago eraikinak bizigarri egiteko beharretik datorrela kontuan izan behar dugu. Hori dela eta, eraikinak eraginkorrago eta ekologikoago bihurtzea ezinbestekoa da deskarbonizatzeko dugun helburua bete dezagun. Gure kasuan, eraikina berriztatzeko kontuan izan ditugunak hauek izan dira: fatxaden eta estalkien isolamendua, energia berriztagarrien erabilpena –Laboral Kutxako biomasako galdarara gehituz eta eguzki-panelak instalatuz–, beira bikoitzeko leiho zabalak, zigilatutako markoekin eta zubi termikoaren hausturarekin, ibilgailuak kargatzeko eta aparkatzeko guneak, barneko ingurumen-kalitatea eta eraikinaren irisgarritasuna, besteak beste.

Gizartea eta gizartearekiko konpromisoa ulertzeko modua partekatzen duzue D2030ekin. Nola baloratzen duzu ekimenaren sorrera eta lana?

Ezinbestekotzat baloratzen dut. Debagoiena moduko lurralde baten iraunkortasun trantsizioa bertako eragile publiko, ekonomiko eta sozialak elkarlanean jarriz eta elkarren artean konektatuz egitea, planteamendu guztiz ausarta eta berritzailea iruditzen zait.

"Kalitatezko lanarekin gizartea eraldatzen jarraitu behar dugu"

Elkarlanean aritzeko oinarriak ere finkatu dituzue bi erakundeek. Nola elikatu dezakezue elkar?

Kooperatiba mailan egin ditzakegunetatik haratago, LagunAro EPSVk lotura zuzena du Debagoiena 2030ek ezarritako eremu batekin, alegia, lanaren etorkizunarekin. Digitalizazioak, egungo negozioen balio erantsia handitzeko beharrak eta trantsizio berdeak, erronka potoloak ekarriko dizkigu. Hortaz, kalitatezko enpleguan oinarritutako lanaren bitartez gizartea eraldatzen jarraitu ahal izateko, enplegagarritasuna eta birkualifikazioa lantzea oinarrizkoa ikusten dugu.

Zelan ikusten duzu Debagoieneko jendartea, erakundeak, kooperatibak... aurrean ditugun erronkei erantzuteko gaitasunari dagokionez?

Aurretik aipatu dudan moduan, datozen urteetan izango ditugun erronka handietara egokitzeko D2030 ekimenak planteatzen duen eredua ausarta eta berritzailea da. Ez da edonon planteatzeko modukoa. Debagoienak, haren komunitateak, badu tradizio bat, kultura bat, gizarteak dituen behar eta erronkei elkarlanetik, eredu berritzaileen bidez, erantzuteko. Beraz, zalantzarik gabe, toki ezin aproposagoa da D2030 ekimena aurrera ateratzeko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak