Urteko langabe kopuru handiena zenbatu da apirilean bailaran: 2.419

Jon Irizar Aranguren 2022ko mai. 4a, 13:18
Eskoriatzako udal zerbitzuetako bulegoa, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Goiena)

Martxoko gorakadaren ostean, ia bere horretan mantendu dira langabezia datuak Debagoienean. 2.419 herritar zeuden apirila bukaeran lanik gabe, martxoan baino 3 gehiago; langabezia tasa, aldiz, %7,88an kokatu da. Hala, urte hasieratik izan den daturik okerrena da. Balioak perspektiba zabalago batetik begiratuz gero, baina, 2021 hasieran baino 269 langabe gutxiago daude bailaran.

Espainiako Enplegu Zerbitzuak eguneratutako datuen arabera, gora egin du langabeziak apirilean Debagoienean. Urteko laugarren hilabetearen amaieran, bailarako 30.683 herritar aktiboetatik 2.419 zeuden lanik gabe –2.503 ziren Hego Euskal Herrian–; zehazki, lanerako prest dauden debagoiendarren %7,88a. Otsailetik martxora izandako gorakada nabarmenaren ostean (+110), hutsala izan da azken hilabeteko igoera (+3). Hala ere, 2022an izandako daturik okerrena da.

Herrikako datuei erreparatuz gero, Bergara, Aretxabaleta, Elgeta eta Aramaio izan dira goranzko joera orokorreko salbuespenak; hamalau bergarar, aretxabaletar bat eta elgetar bat gutxiago daude langabezian, eta hirugarrenaren kasuan, aldiz, mantendu egin da datua (2). Gainerako herri guztietan, aldiz, gora egin dute langabeek, igoera esanguratsurik izan ez duten arren.

2021ean baino hobeto

Datuei perspektiba zabalago batetik begiratuz gero, baina, posible da bestelako irakurketa bat egitea. Izan ere, duela urtebete baino 79 herritar gutxiago daude langabezian bailaran –19.747 gutxiago Hego Euskal Herrian–, eta 2021eko uztailean soilik zenbatu ziren igaro berri den apirilean baino langabe gutxiago. 2021eko urtarrilean, esaterako, egun daudenak baino 269 langabe gehiago zeuden bailaran.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak