Ainhize Barrainkua bosgarren, Peñiscolako Ironman erdian

Jon Irizar Aranguren 2022ko mai. 4a, 11:27

Barrainkua korrikako sektorean, esfortzu betean. (Argazkia: X Infinitri Triathlon Peñiscola)

Domekan X Infinitri Hal Triathlon Peñiscola lasterketa jokatu zen Casatellonen, eta distantzian egindako debutean, Ainhize Barrainkua aretxabaletarrak emaitza aipagarria lortu zuen: bosgarren izan zen, podiumetik zazpi minutu eskasera. Domeka honetan Mikel Ugarte oñatiarra Espainiako Distantzia Luzeko txapelketan izango da.

1.900 metro igerian, 90 kilometro bizikleta gainean eta 21 kilometro antxintxika. Ironman erdia osatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta are gutxiago distantzian egindako debutean lasterketako lehen postuen borrokan ibiltzea. Bada, Ainhize Barrainkua txirrindulari ohi aretxabaletarrak emaitza aipagarria lortu zuen X Infinitri Hal Triathlon Peñiscola lasterketan: bosgarren izan zen.

Lau ordu, 53 minutu eta 33 segundo behar izan zituen Barrainkuak ibilbidea osatzeko, eta podiumetik zazpi minutu eskasera gelditu zen. Helene Alberdi bilbotarra izan zen probako irabazlea (4:24:35), igeriketako sektoretik jaun eta jabe izan ostean. Aretxabaletarrak, berean, lasterketa oso erregularra egin zuen: bederatzigarren irten zen uretatik (31:46), seigarren denbora onena egin zuen pedalei eragiten (2:41:05), eta bosgarren azkarrena izan zen maratoi erdia osatzen (1:37:54).

Ugarte, Espainiako Txapelketan

Barrainkuak egindako lan bikoitza egin beharko du Mikel Ugarte oñatiarrak maiatzaren 8an Platja d'Aron, Gironan. Joan zen denboraldia debut urtea izan zuen Ironman distantzian edo Distantzia Luzean –3.8km igerian, 180km bizikletan eta 42km antxintxika–, eta emaitza aipagarriak lortu zituen: 8. izan zen Espainiako Txapelketan, eta 9. Mallorcako nazioarteko proban. Lehen postuak amets, domekan berriz jantziko du dortsala Espainiako Distantzia Luzeko txapelketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak