Mallorcako ironmanean 'hegan' egin du Mikel Ugartek

Xabier Urtzelai 2021ko urr. 22a, 18:24

Mikel Ugarte, bizikleta gainean.

Denboraldi ederra egiten bazebilen ere, Mikel Ugartek orain arteko ironman borobilena egin zuen domekan Mallorcan: "Ez dakit bederatzigarren egin izanak edo lortutako markak pozten nauen gehien". Oñatikoak markatzarra egin zuen (8.13.39).

Mikel Ugartek sekulako lasterketa egin zuen zapatuan Alcudian (Mallorca). Ironman distantzian egiten zuen bigarren proba zen: "Proba aurretik esan izan bazenit marka hori egin behar nuela... Errazagoa da loteria tokatzea". Oñatikoak egun ezin hobea izan zuen: "Espainiako Txapelketan [half distantzian], esaterako, oso pozik geratu nintzen [seigarren izan zen]. Baina hau beste kontu bat da, ze mailatako triatletak egon ziren kontuan hartuta ez dauka lehengoarekin zerikusirik". Eta horren adibide da korrikako tarte handiena – maratoi bat– 2018an Hawaiin bigarren sailkatu zen Bart Aernoutsekin egin zuela. Belgikarrak minutu bateko tartea atera zion lasterketan: "33. kilometro inguruan elkarrekin gindoazen, ordurako egurrean ibilita geunden biok, baina tarte hartan erritmoa aldatu zuen eta erabat lehertu aurretik hanka altxatzea erabaki nuen. Eta eskerrak!", dio Ugartek, barrez.

Ziurgabetasuna hasieran

Gozatu ederra hartu du Oñatikoak Mallorcan, baina lasterketa aurreko astea ez zen batere ona izan: "Bizikletan arazo mekanikoekin nenbilen, pieza bat apurtu zitzaidan eta lasterketa egunerako bizikleta bat alokatzea ere pasa zitzaidan burutik, pentsa. Hala, aurreko egunetan oso urduri ibili nintzen, ironmanean zentratu ezinean". Dortsala janztearekin batera amaitu ziren arazo guztiak: "Igeriketako tartean hamar laguneko taldea sortu eta tiraka ibili nintzen. Ez zitzaidan hor estutzea axola, jarritako erritmoak atzekoei min egingo zien esperantza neukan. Bizikletan ere gozatu egin nuen. 100. kilometroan konturatu nintzen nindoan taldean eutsi ahal izango niola amaierara arte. Izan ere, nahiko odol berokoa naiz, baina indarrak gordetzea erabaki nuen; oraindik maratoi bat geratzen zitzaidan".

Mikel Ugarte, korrika egiten. Mallorcan korrikako tartea (maratoia) 2.44-ko denboran egin zuen.

Hala, korrikako tartean ere oñatiarrak hegan egin zuen: "2.44.35eko denbora egin nuen maratoian, oso marka ona da, eta lasterketan gindoazela aurrekoak baino azkarrago gindoazen. Hankak berez zihoazen, sekulako sentsazio ona izan nuen. Baina Aernoutsek atzean utzi ninduenean... Beste bost kilometro egin nituen erritmoa kontrolatzen, eta lasterketaren azken tartean sekulako miseriak pasa nituen, hura izan zen sufrikarioa!".

Negar malkotan gurutzatu zuen Ugartek helmuga, leher eginda eta erabat hunkituta: " Maila horretan ibiltzeko urtetako entrenamendua dago atzean, eta etxekoekin akordatu nintzen bereziki, baita lagunekin ere. Eskerrak eman nahi dizkiet denei".

Mallorcako Ironmaneko sailkapenean nazioarteko puntako atleten artean egin du tokia oñatiarrak.

Astelehenean Harmailatik saioan

Mikel Ugarte oñatiarra eta Mikel Mujika bergararra Harmailatik saioan izango dira astelehenean, hilak 25 (21:30, 23:30, Goiena Telebista). Lehenengoak sekulako maila erakutsi du Mallorcan, bigarrena Hawaiiko ironmanera sailkatu zen 2019an, nahiz eta gero proba atzeratzen joan diren. Distantzia luzeak izango dituzte berbagai, eta urtearen errepasoa egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak