Gaur-gaurkoz, 28 bazkidek osatzen dute Tokikom –horien artean dago Goiena–, guztira 74 hedabide kudeatzen dituztenak: 32 webgune, 28 aldizkari, 5 telebista eta 9 irrati. Guztira, 200 langiletik gora dihardute taldeko komunikabideetan, eta Euskal Herri osoko 297 udalerritara iristen da. Orain, Tokikomen "barne kohesioa landu" eta bazkideen arteko "lankidetzan sakontzea" dute helburu, modu horretan "komunikazio talde izatera pasatzeko" asmoz.
"Egonkortzea" lortu duen proiektua
Tokikom sortzeko helburu nagusienetako bat sakabanatuta zeuden toki komunikabide txikien baturatik indarra atera eta sinergiak aprobetxatzea zen, eta
taldetik azpimarratu dute, egindako bideak erakutsi duela "erabaki zuzena" izan zela. Izan ere, akordio horri esker, Tokikomek bazkideetako bakoitzarentzat "bakarka eskuraezinak" diren tresnak eta zerbitzuak abiatu ditu: plataforma digitala, publizitate kanal bateratua, papererako edizio sistema, multimedia artxibo eta zerbitzaria, adimen artifizialeko tresna multzoa...
Bestalde, publizitatea ere jomugan izan du Tokikomek azken urteetan, eta batzarrean adierazi zutenez, "euskarazko toki komunikabideen erreferentziako eragile eta solaskide bilakatu da erakunde publikoen, beste hedabideen zein iragarle handien aurrean".
Hala, sortu eta ia 10 urtera, proiektua "egonkortzea" lortu dela nabarmendu zuten batzarrean, eta honenbestez, balorazio "positiboa" egin zuten. Arlo ekonomikoan zehaztu zutenez, "taldearen zerbitzu propioek eta publizitate salmentak sarreren %83a suposatzen dute honezkero, eta urteko bolumena 600.000 eurokoa da".