193 positibo berrirekin, gora doaz kasuak Debagoienean

Jon Irizar Aranguren 2022ko mai. 2a, 15:53

Aste Santuko eta Pazko Asteko bidetik, gora egin dute bailaran hautemandako positiboek azken zazpi egunetan. Zehazki, 193 izan dira, duela bi aste baino 42 gehiago. Hala, intzidentzia-tasa ere 111 puntuan hazi da: 537,44. ZIUetako datuak egonkor mantentzen ari diren arren, gora doaz ospitaleratzeak; 328 herritar zeuden ospitaleratuta atzo EAEn.

Eusko Jaurlaritzak gaur eguneratu ditu egoera epidemiologikoari dagozkion datuak –eguaztenean egingo du Nafarroako Gobernuak–. Aste Santuko eta Pazko Asteko bidetik, joan zen astean igoera nabarmena izan zen hautemandako kasu kopuruan Debagoienean; hots, duela 28 eguneko datuekin alderatua –apirilak 3-, %175ean hazi da astebetean atzemandako kasu berri kopurua.

Orotara, 193 positibo atzeman ziren azken zapi egunetan, iragan astean baino 42 gehiago. Aipatzekoak, halaber, Arrasaten, Oñatin eta Elgetan izandako gorakadak; hemezortzi, hamazazpi eta hamar kasu gehiago hauteman dira, hurrenez hurren. Elgetan, esaterako, azken astean aurreko 48 egunetan beste kutsatu izan ziren.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

111 puntu

Hori izan zen, hain zuzen, joan zen astean intzidentzia-tasak izan zuen gorakada. Hala, 537,44an kokatu da balioa. Aipatzekoak, kasu honetan, Elgeta (1.248,88) eta Leintz Gatzagako (1.327,43) balioak: bailarako tasaren bikoitzaren gainetik dira. Modu geldoagoan, baina Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako tasak ere gora doaz.

Bi norabide

Bilakaera zehatza Nafarroako datuak eguneratzean ikusiko den arren, argazki orokorrean bi norabide atzeman litezke. Alde batetik, gora doaz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ospitaleratzeak; 328 ziren atzo, aste hasieran baino 55 gehiago. Bestetik, baina, Zainketa Intentsiboen Unitateetan 20 herritarretik beherako balioetan egonkortu da datua apirilean; azken astean, esaterako, 10 herritar zeuden astelehenean, eta 11, aldiz, domekan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak