Prekarietatea jo-puntu aurtengo Maiatzaren Lehenean

Uxue Igarza Loiola 2022ko mai. 1a, 10:24

Maiatzaren Leheneko mobilizazioa, iaz, Bergaran.

Sindikatuek hiriburuetan deitu dituzte manifestazioak eta Deba eskualdeko Kontseilu Sozialistak, Arrasaten.

LABek eta ELAk prekarietatea salatzeko baliatuko dute Maiatzaren Lehena. Zehatzago esanda, LAB sindikatuak "enplegua eta zaintzak banatzeko" eta "aberastasuna birbanatzeko politiketan" egingo du azpimarra, eta ELAk "botere sindikala" jarriko du aldarrikapenen erdigunean. CCOO eta UGT sindikatuek, bestalde, batera egin dituzte deialdiak EAEko hiriburuetan; Konponbidea: soldatak igo, prezioei eutsi, berdintasuna izan da aukeratu duten leloa.

Aurten, sindikatuek eta eragileek pandemia eta Ukrainako gerra izan dituzte abiapuntu deialdiak egiteko orduan; beste modu batera esanda, COVID-19ak eragindako ekonomia krisiak eta argiaren prezioaren gorakadak markatu dute gaurko, Maiatzaren Leheneko, testuingurua. "Ura, eguzkia eta haizea gasaren prezioan ordainarazten dizkigute (...) Energia enpresak etekin historikoak lortzen ari dira eta gobernuek ez dute neurririk hartu espekulazioa edo energia enpresen mozkin lotsagarria amaitzeko", salatu du ELAk. "Energiaren publifikazioa defendatzen dugu, haren gaineko kontrol politiko eta sozial handiagoa (...) Trantsizio ekologista eta feministari heldu behar diogu", esan du LABek. CCOOk eta UGTk ere "langile klasea pobretzen duen prezioen igoera" salatu dute.

Sindikatuen aldarrikapenak

Banaketa hirukoitza aldarrikatuko du LABek gaur: "Lan guztiak aitortu, banatu eta duindu behar dira; banatu eta duindu, lanaldia murriztuz. Eta aberastasuna birbanatzeko politiken alde egiten dugu". Soldatak eta zerbitzu publikoak "hobetzea" proposatzen dute aberastasuna birbanatzeko eta baita erreforma fiskalaren bitartez kapitalaren errentei eta enpresen irabaziei zergak igotzea.

Mobilizazioak 12:00etan izango dira Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean eta 11:00etan Baionan. Bestetik, zenbait herritan ere egingo dira; bailaratik gertuen, Eibarren, 12:00etan.

ELAk, bestetik, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egingo ditu manifestazioak, eguerdian: 11:30ean Bilbon, Iruñean eta Donostian eta 12:00etan Gasteizen. "Enplegu prekarioak amaitzea da sindikatuaren ze-regin nagusia, eta errealitateak erakusten digu borroka sindikala dela biderik eraginkorrena", aldarrikatuko dute, eta horretarako gakoetako bat "botere sindikala" sortzea dela ere bai: "Maiatzaren Lehenean gogorarazi nahi dugu botere sindikala sortzeko antolatzea dela edozein militante sindikalen zeregin nagusia eta ekarpenik onena".

Bestalde, CCOO eta UGT sindikatuek aurreratu dutenez, soldatak igotzea, prezioei eustea eta berdintasuna areagotzea izango dira eskaera nagusiak aurten. "Garrantzitsua da negoziazio kolektiboa garatzea, soldaten erosteko ahalmenaren galeraren dinamika geldiarazteko, bolborategi soziala sortzea saihesteko eta susperraldi ekonomikoa arriskuan ez jartzeko", azaldu dute.

Sozialistak, Arrasaten

Deba eskualdeko Kontseilu Sozialistak Arrasaten egingo du manifestazioa, gaur, domeka: 18:30ean, Herriko Plazatik abiatuta. Besteak beste, azken hilabeteetako prezioen gorakada salatuko dute sozialistek ere: "Otsaileko datuen arabera, elektrizitatea %80,5 igo da eta gasolina %25,1, eta 2022ak %7,5eko inflazioa edukiko duela estimatzen da, gizarteko pobrezia estrukturala izugarri handituz". Bestetik, krisiak "hamaika aurpegi" dituela ere gaineratuko dute eta horren guztiaren aurrean "antolakuntzaren beharra" aldarrikatuko dute. "XIX. eta XX. mendeetako esperientzia iraultzaileek argi utzi zuten sozialismoaren aldeko borrokak soilik sor ditzakeela ongizate erreal baterako baldintzak", diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak