Maskararik gabe itzuli dira ikasleak ikastetxeetara

Hasier Larrea 2022ko api. 25a, 14:00

Aste Santuko oporren ostean, derrigorrezkoa izateari utzi dio maskararen erabilerak ikastetxeen barrualdeetan, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Foru Gobernuak horrela erabakita. Bailarako ikastetxeetan albiste pozgarria jaso dute, beraz.

Irakasleak eta ikasleak, guztiak agertu dira pozik aurpegi osoa bistan eramateagatik. Arizmendi Ikastolako Gazteluondo gunean, esaterako, txikienek berehala igarri dituzte maskara gabe egoteak dakartzan onurak. Edonola ere, maskara erabiltzen jarraitu nahi duten ikasle edo irakasleek, arrazoia edozein dela ere, erabili ahal izango dute, eta pertsona zaurgarriei maskara erabiltzeko gomendatu diete Hezkuntza Sailetik. Ikasleek eta langileek COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak badituzte edo proba batean positibo eman badute, ez dira ikastetxera joango sintomak dituzten bitartean, "beren osasuna eta ingurukoena babesteko".  Beste edozein gaixotasun izango balute bezala jokatuko dutela, alegia.

Burbuila-taldeak, desagertuta

Bizikidetza talde edo burbuilak desagertu izana da ikastetxeetako beste nobedade bat. Hemendik aurrera, beraz, ikasturte desberdinetako neska-mutilak elkarrekin nahastu ahalko dira. Hala ere, espazioak behar bezala aireztatzea eta eskuen higienea zaintzea garrantzitsua izango da oraindik. Pandemian hartutako neurri batzuk betetzen jarraituko dute, baina onartzen dute lasaiago ibiliko direla hemendik aurrera.

Pandemia garaiko bi urteak gogorrak egin zaizkiela aitortu dute ikastetxeetako arduradunek, besteak beste, aldaketa ugari egon direlako koronabirusa saihesteko protokoloetan. Aurtengo ikasturtea amaitzeko hiruhileko bat gelditzen den honetan, ikasleek baikortasun handiagoz egingo diote aurre eskola barruko jarduerei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak