Ikasleek maskara ez erabiltzea gomendatu du Hezkuntza Sailak

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko api. 21a, 15:32

Astelehenean itzuliko dira ikasgeletara neska-mutikoak eta maskara gabe joateko aukera izango dute. Orain arteko protokoloak jasotzen zituen talde-burbuilak ere bertan behera utzi ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Salbuespena eskola-autobusak izango dira, horietan maskara janzten jarraitu beharko dute 6 urtetik gorakoek.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak COVID-19aren aurreko prebentzio protokoloa eguneratu du. Ikasgela barruko taldeen antolamenduari dagokionez "ikasleek beren artean sozializatu eta elkarreragin" dezaketela jasotzen du protokoloak, eta honenbestez, talde-burbuilak deuseztatu dituzte. 

Maskarari dagokionez, erabilera hautazkoa izango da, eta, oro har, "ikasleek maskara ez erabiltzea gomendatzen da" protokolo berrian. Pertsona zaurgarrien kasuan zein COVID-19aren sintoma bateragarriak dituzten kasuan, aldiz, maskara erabiltzea gomendatzen da. Halaber, edozein arrazoi dela-eta, maskara erabiltzen jarraitzeko aukera egiten dutenak "estigmatizatzea saihestu" behar dela jasotzen du.

Langileen kasuan, dagokion prebentzio-zerbitzuak zehaztuko du musukoaren erabilera beharrezkoa izango den ala ez.

Bestalde, familien inguruan zehaztu dute ikastetxeko espazioetara sartzeko aukera izango dutela, "barrualdekoetara zein kanpokoetara, ikasleak sartzeko eta irteteko, eta ikasleak bertan egotea eskatzen duten jardueretara". Gainera, orokorrean, irakasleen eta familien bilera guztiak aurrez aurre egin ahalko dira, eta, Guraso elkarteak ere ikastetxeetako ohiko guneetan biltzeko aukera izango dute.

Azkenik, garbiketa eta desinfekzioa "gutxienez egunean behin" egin beharko dute eta erabilera handiko guneetan maizago.

Sintomak daudenean

Protokoloan zehazten denez, ikasleren batek COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak garatuz gero, "maskara kirurgikoa jarri eta familiari edo legezko tutoreei" jakinarazi beharko dio ikastetxeak.

Langileak zein ikasleak "ez dira ikastetxera joango" sintomak dituzten bitartean, baina ez da beharrezkoa izango isolamendu zorrotza egitea. Sintomak desagertu ondoren ikastetxera itzultzerakoan, maskara etengabe erabiltzea gomendatzen da, sintomak hasi eta hurrengo 10 egunetan gutxienez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak