Etzi, hilak 20, indargabetuko da orain arte indarrean egon den araua. Hala, maskara erabiltzeko derrigortasuna hiru eremutan bakarrik mantenduko da: garraio publikoan, zentro soziosanitarioetan eta osasun zentroetan.
Halere, agintariek gomendatu dute zenbait lekutan maskara erabiltzen jarraitzeko: lan-eremuan –gutxieneko distantzia betetzen ez bada eta aireztapen egokirik ez badago–; jendea pilatzen den lekuetan –supermerkatuak edo merkataritza zentroak–; jendeak jan edo edaten duen lekuetan –tabernak edo jatetxeak–; eta baita bestelako eremuetan ere –antzokiak, aretoak, museoak, zinemak...–.
Lanean, prebentzioko zerbitzuen esku
Aurreratu bezala, agintarien gomendioa lan-eremuan maskara erabiltzen jarraitzekoa da, distantzia eta aireztapen baldintzak betetzen ez badira. Halere, erabakia laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuen esku dago. Hots, lantoki edo enpresa bakoitzak erabakiko du zein izango den horietako bakoitzean jarraitu beharreko neurria.
Ikastetxeentzako jarraibiderik ez
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ez du zehaztu zein izango den ikastetxeek jarraitu beharreko bide-orria. Jakinarazi dutenez, arau berriaren xehetasunak jakin arte, ez zaie ikastetxeei irizpiderik bidaliko.