Mugimendu handia sumatu dute Debagoieneko hotel eta landetxeetan

Uxue Igarza Loiola 2022ko api. 16a, 11:43

Herritarrek gogoz hartu dituzte Aste Santu edo udaberriko oporrak, eta pandemiak ekarritako mugak inoiz baino malguagoak direla aprobetxatuz, bidaiatzea izan da askoren hautua. Debagoieneko hotel eta landetxeetan nabarmen igarri dute hori.

Kataluniatik, Madrildik, Galiziatik, Tenerifetik edota Italia, Frantzia eta Hungariatik iritsi dira turistak bailarara, egunotan. Turismoaren sektoreko langileek bidaiatzeko grina sumatu dute herritarrengan, bi urteko barealdiaren ostean.

Eskaintza zabala dago Debagoienean, eta bisitariek azpimarratu dute eskualdea "leku estrategikoa" dela; izan ere, eskaintzen dituen aukerez gain, Gipuzkoako erdigunean kokatuta egoteak erraztasunak ematen ditu kostaldeko herriak edota Euskal Herriko hiriburuak bisitatzeko.

Hotelak, beteta

Arraste Hoteleko Esteban Sanchezek azaldu du %100eko okupazioa dutela: "Eguenean, egubakoitzean eta gaur, zapatua, guztiz beteta dago hotela. Litekeena da bihar okupazioa apur bat jaistea, izan ere, astelehena ez da jai eguna zenbait tokitan".

Bergaran ere, Ormazabal Hotela beteta egon zen atzo. "Pandemian galdutakoa errekuperatzen ari gara. Dei asko jaso genituen atzo, baina beteta zegoen dena, eta ezetz esan behar izan genuen. Orokorrean erreserbak %61era ditugu egun hauetarako", azaldu du Joseba Ormazabalek.

"Pandemian galdutakoa errekuperatzen ari gara opor egun hauetan"

Oñatiko Borda Arantzazuko bi apartamentuak ere beteta daudela azaldu du bertako Julen Arabaolazak: "Aste Santua eta Pazko Astea beteta ditugu. Mendia eta natura bilatzen dituzte bisitariek, eta hemen badugu hori. Gainera, Euskal Herriaren erdialdean gaude, eta horrek estrategiko egiten du Oñati turistentzako. Madrildik eta  Kataluniatik etorri dira bisitariak, besteak beste".

Sanchezek ere azaldu du askotariko jatorrietako lagunak iritsi direla Arrasate Hotelera: "Hungaria, Belgika edota Suediatik etorri dira batzuk, baina baita Madril, Valentzia edota Tenerifetik ere. Jendea gogotsu dago, eta guk hori aprobetxatu behar dugu, izan ere industriak ekarritako turismoak beherakada handia izan du Ukrainako gatazkaren ondorioz".

Ormazabalek ere Madrilgo eta Kataluniako bisitariak izan dituela azaldu du, eta baita euskaldunak ere. "Mugimendua badago", gehitu du.

Araotz inguruko paisaia.

Landetxeetara joateko joera, indartuta

Borda Arantzazuko Arabaolazak kontatutakoaren bidetik, asko dira landa eremuetara edo naturguneetara gerturatu direnak opor egun hauetan. "Pandemiaren eraginez turismo mota hau indartu egin da", dio Arabaolazak. Uste bera dute Antzuolako Ibarre landetxeko Pilar Belastegik eta Eskoriatzako Areano landetxeko Mikel Zamorak ere.

"Ciudad Realetik etorri dira Debagoiena eta Euskal Herria ezagutzera, eta baita Athleticen partidua ikustera ere; hangoak izan arren, Athleticekoak baitira"

Belastegik azaldu du "sekula baino mugimendu handiagoa" igarri dutela Antzuola aldean: "Dena beteta dugu, eta deiak jaso eta jaso ari gara. Jendea oso animatuta dago; eta gainera oso jatorrak dira denak". Areano landetxea ere beteta dagoela azaldu du Zamorak: "Talde batek etxe osoa hartu du opor egunak igarotzeko. Ciudad Realetik etorri dira Debagoiena eta Euskal Herria ezagutzera, eta baita Athleticen partidua ikustera ere; hangoak izan arren, Athleticekoak baitira".

Bestetik, eguraldia ere "asko laguntzen ari dela" onartu du Belastegik: "Bartzelona, Madril eta Galizia aldetik etorri dira asko hona, eta denek euriaz eta hotzaz babesteko arropa ekarri dute. Batek esan dit penaz dagoela ez duelako mauka motzak dituen kamisetarik ekarri".

Mendia eskura, baina baita itsasoa ere

Aurrez esan bezala, Debagoiena leku estrategikotzat jo dute bidaiariek, eta hotel eta landetxeetako arduradunek ere ideia hori azpimarratu dute. "Mendia eta itsasoa; dena dago hemendik gertu", esan du Belastegik. "Euskal Herria ezagutzeko gogoz etortzen dira, eta bailaran ostatu hartzea aukera ona da dena ikusteko. Dena dela, ni saiatzen naiz bisitariak Debagoiena ikustera animatzen –ez bakarrik hiriburuak–; leku ederrak ditugu hemen", dio Zamorak.

Arrasateko argazkia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak