Hiru saiotan banatuta, hemezortzi bertsolari aritu dira kantuan aurten Osinalde gazte sariketaren 50. edizioan. Bertsolaritzaren munduan, txapelketa ezaguna da Goierriko herri ezberdinetan jokatzen dena; besteak beste, Jon Sarasuak, Xabier Euzkitzek, Igor Elortzak, Maialen Lujanbiok, Uxue Alberdik edota Nerea Ibarzabalek jantzi dute txapela.
Bailarako bost bertsolari gonbidatu dituzte aurtengorako: Ane Zuazubiskar arrasatearra, Oihana eta Haizea Arana eskoriatzarrak eta Urko Arregi eta Aitor Tatiegi oñatiarrak.
Hiru finalista
Martxoa amaieran lortu zuten Zuazubiskar eta Oihana Aranak Gabiriako finalerako txartela, Ordizian jokatu zen Argi Berri sariketan lehenengo eta bigarren gelditu ostean, hurrenez hurren. Bada, zapatuan Tatiegi batu zitzaien apirilaren 23ko txapelaren demara. Bigarren sailkatu zen oñatiarra Zaldibian jokatu zen Osinberde Sarian, Xabat Illarregi leitzarraren atzetik.
Hala, honako sei bertsolariak arituko dira ibilbide luzeko txapeldunen zerrendara bere izena batu nahian:
- Ane Zuazubiskar (Arrasate), lehen sailkatua Argi Berri Sarian
- Oihana Arana (Eskoriatza), bigarren sailkatua Argi Berri Sarian
- Unai Izagirre (Azkoitia), bigarren sailkatua Aztiri Bat Sarian
- Aner Peritz (Zarautz), bigarren sailkatua Aztiri Bat Sarian
- Xabat Illarregi (Leitza), lehen sailkatua Osinberde Sarian
- Aitor Tatiegi (Oñati), bigarren sailkatua Osinberde Sarian