Osinalde sariketarako txartel bana eskuratuta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko api. 1a, 18:36

Zuazubiskar eta Arana, Ordiziako Argi Berri sariketan. Argazkia: Aitor Garmendia (Gierriko Hitza)

Apirilaren 23an Gabiriako Osinalde Elkartean jokatuko duten txapelketarako txartel bana lortu zuten Arrasateko Ane Zuazubiskar eta Eskoriatzako Oihana Arana bertsolariek zapatuan Ordiziako Herri antzokian jokatu zuten Argi Berri sariketan.

Debagoieneko hiru ordezkari izan ziren zapatuan Ordizian jokatu zen kanporaketan, Haizea Arana, Ane Zuazubiskar eta Oihana Arana, eta lehenengo bi postuetan sailkatuta itzuli ziren etxera. Arrasatearrak eskuratu zuen Txikia garaikurra, bertaratutako entzuleek hala erabakita, "saio biribila" osatu zuela argudiatuta, eta bigarren postuan sailkatu zen Oihana Arana. "Gazteendako sariketa garrantzitsua da Ordiziako Argi Berri; hirugarren aldiz kantatu nuen zapatuan, eta plaza ezagutzeak lagundu egiten du. Pozik nago irabazita; hala ere, aitortu behar dut sorpresa handia hartu nuela irabazlea ni nintzela jakin nuenean. Izan ere, orokorrean, saio polita egin genuen denok, eta ez nuen irabazle garbirik ikusten. Oso maila antzerakoan ibili ginen denak eta edozein izan zitekeen irabazlea", dio Ane Zuazubiskarrek.

Osinalderako txartela

1971. urtean antolatu zuten Gabirian lehenengo aldiz Osinalde sariketa, eta 50 urteko ibilbidean ehunka bertsolarik kantatu dute Osinalde Elkarteko mahai ingurutik. "Izen handia daukan sariketa da. Plaza oso polita eta estimatua da bertsolarien artean, nik pertsonalki oso gustuko dut halako saioetan kantatzea, eta aukera polita da bertsolari gaz- teei aukera hori ematea. Apirilaren 23an jokatuko da aurten- goa; 50. aldia izango da, eta ezagun da antolatzaileen eskarmentua eta txapelketan sortzen den giroa".

Osinalde sariketan parte hartuko duten bertsolarien zerrenda beste hiru sariketatan –Argi Berri, Aztiri eta Osinberde– bi irabazle nagusi izan direnekin osatzen dute; hori horrela, Ane Zuazubiskarrek eta Oihana Aranak badituzte Gabiriarako txartel bana.

Txartel gehiago jokoan

Badago, baina, oraindik Debagoienetik txartel gehiago eskuratzeko aukera ere; izan ere, bihar, zapatua, Legazpiko Latxartegi aretoan jokatuko duten Aztiri sarian Oñatiko Urko Arregik hartuko du parte eta apirilaren 9an Zaldibiako herri antzokian jokatuko duten Osinberde sarian lehiatuko da Aitor Tatiegi oñatiarra.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak