Festa, aterpetxearen 50. urteurrena ospatzeko

Amaia Txintxurreta Guridi 2022ko api. 26a, 08:21

Leixargarateko aterpetxearen gaur egungo itxura, kanpotik.

Leixargarateko aterpetxea 1971ko irailaren 5ean inauguratu zuten, eta, ospatzeko, urteurren festa egingo dute hilaren 30ean. 10:00etan elkartuko dira goian, eta babeslekuaren inguruko hainbat bitxikeria kontatuko dituzte, jatekoaz lagunduta.

UDAren 75. urteurrenaren barruan, beste data esanguratsu bat ere ospatu nahi dute hilaren 30ean. Leixargarateko aterpetxea inauguratu zela 51 urte pasa dira dagoeneko, eta hori ospatuko dute. Halaxe adierazi du UDAko kudeatzaile Ainara Mugak: "Urteurren ospakizuna lehenago egiteko asmoa geneukan, baina, COVID-19ak ekarri duen pandemia tarteko, azkenean, orain egitea erabaki dugu. Mendi martxa bat egiteko asmoa geneukan hasieran; hala ere, jende pilaketak saihesteko asmoz, erabaki dugu herritar bakoitza bere aldetik igotzea Leixargaratera, eta ondoren, han egingo dugu ospakizuna".

Hilaren 30ean, 10:00etatik 12:00etara bitartean egingo dute.

Argazkiak eta historia

Aterpetxean jatekoa musikaz girotuta egongo dela iragarri dute. Argazki zaharrak eta askotariko dokumentuak ikusteko panelak ere jarriko dituzte. Eta 1971ko irailaren 5ean egin zuten inaugurazioan Besaide Mendi Taldeko presidente zegoen Alvaro Arregi Otaduik hitz batzuk esango ditu, aterpetxearen historia eta orain arteko hainbat istorio kontatuz. UDAn, garai hartan, Javier San Miguel zegoen presidente.

Izan ere, bi zatitan dago banatuta aterpetxea: alde bat UDA-Murrukixok eramaten du; eta bestea, Arrasateko Besaidek. Azken horretako kide Aitor Zabaletak hainbat bitxikeria gogoratzen ditu: "Interesgarri ikusten dugu nola finantzatu zen aterpetxea mendizaleen aldetik; errifekin kolaboratuz lortu zen diru zati bat. Norbanakoek ere aurreratu zuten dirua, eta hori guztia dokumentatuta daukagu izen-abizenekin. Badakigu, baita ere, inauguratu eta hiru urte geroago landatu zituztela ondoan dauden hiru lizarrak. Teilatua, hasiera batean, ez zen teilekin egindakoa, hormigoizkoa baizik... 1.000 istorio daude, eta horietako batzuk panelen baten jartzen saiatuko gara".

Aterpetxearen kokalekuarekin ere izan zituzten gorabehera batzuk: "Babeslekua Degurixan eta Alabitan kokatzeko hainbat saiakerak huts egin ondoren, 1970eko erdialdean akordioa lortu zen Bolibarko Jausoro baserriko Iñurrategi Pagalday anaiekin, Leixargaraten aterpea eraikitzeko, haien jabetzako txabolatik gertu, babeslekutik gertu, iturri bat jartzeko konpromisoarekin", gaineratu du Zabaletak. Horrelako istorio gehiago ere kontatuko dituzte urteurren festan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak