Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguneratu ditu egoera epidemiologikoari dagozkion datuak –martxoaren 28az geroztik, astelehenetan soilik egiten da eguneraketa–. Araba, Bizkaia zein Gipuzkoako bilakaera beheranzkoa den arren, bailara gorabehera egonkortuan da; azken lau asteetan zazpi eguneko 70 eta 82 kutsatu berri artean erregistratu dira.
Iragan asteko hamabi kutsatu gehiagoren balioa da, hain zuzen, azken hilabetean bi asteren artean emandako gorabehera handiena. Eta herrika aztertuz gero, bi herri dira gorakada horren kausa: Bergara (+8) eta Arrasate (+4). Debagoieneko 82 kasu berrien %67a bi herri hauen artean atzeman da. Halaber, ezin aipatu gabe utzi Elgetaren gorakada (+6); otsailaren 18tik apirilaren 3ra –44 egun– beste kasu hauteman ziren joan zen asteko astelehen eta eguaztenean.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Gora
Kutsatu kopuruen bidetik, azken astean behera egin du intzidentzia-tasak Araban –335,24–, Bizkaian –287,72– eta Gipuzkoan –292,73–. Debagoienean balioa hiru probintzietan baino baxuagoa izan arren –237,47–, apenas izan du aldaketarik apirileko lehen datuen eguneraketatik.
Kezkatzeko datua
Ospitaleetako egoerari dagokionez, eta Nafarroako datuak eguaztenean eguneratuko direla aintzat hartuta, kezkatzeko datua utzi zuen joan zen aste amaierak. Izan ere, astelehenetik egubakoitzera ospitaleratu kopurua 130 herritarren bueltan ibili zen; zapatuan 174 ziren, eta domekan, aldiz, 203. Bi egunetan 65 gehiago. ZIUek, baina, ez dute bilakaera bera izan, eta joan zen astelehenean baino bi herritar gutxiagok –10– behar dute zainketa intentsiboa.