Abisu horia dago indarrean gaur, haizeagatik eta sute arriskuagatik

Jon Irizar Aranguren 2022ko api. 11a, 11:58
Oñatiko San Martin zuhaiztian haizeak eragindako kalteak, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Goiena)

Atzo iluntzetik indarrean da haizeagatik eta baso-sute arriskuagatik Euskal Meteorologia Agentziak ezarritako abisu horia. Astelehen osorako dago indarrean alerta egoera, eta haizeguneetan 100 kilometro ordutik gorako ufadak espero dira. Hala, eta espero diren tenperatura altuak aintzat hartuta, baso-sute arriskua "handia" dela ohartarazi dute adituek.

Domekako giro eguzkitsuak jarraipena izango du gaur, astelehena. Hala ere, azken egunekin alderatuta bada asteko lehen egun honetan Debagoienean presente izango dugun beste faktore meteorologiko bat: haizea. Euskal Meteorologia Agentziak atzo iluntzean ezarri zuen abisu horia, eta gaurko eguna amaitu bitarte indarrean egongo da alerta egoera.

Aurreikuspenen arabera, hego-ekialdeko haize boladek 100 kilometro ordutik gorako abiadak izango dituzte haizeguneetan; haizeguneak ez diren tokietan, aldiz, 80 kilometro ordutik gorakoak izango dira ufadak. Arratsaldean indarra galduko duen arren, gauerako bolada handiak espero dira berriz ere.

Baso-suteak

Haizearen eta 25 gradu inguruko tenperatura maximoen erruz, beste abisu hori bat ere ezarri du Euskalmetek: baso-suteena. Adituek arrisku nagusia Kantauri isurialdean egon litekeela aurreikusi dute, baina Gipuzkoa barnealdea ere arrisku gune gisa identifikatu dute; tartean, Debagoiena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak