Neurri murriztaileak estatuz estatu, Aste Santuko bidaiei begira

Jon Irizar Aranguren 2022ko api. 11a, 09:47

Gizon bat maleta eskuan, Elgetako San Roke kalean. (Argazkia: Goiena)

Gainean da Aste Santua, eta opor egunak aprobetxatu asmoz, izango da bailaran kanpora joateko asmotan den herritarrik. Pandemiaren arrastoak, baina, oraindik gurean dira, eta estatu bakoitzak bere jarraibide eta arau propioak ditu indarrean. Lurralde bakoitzeko oinarrizko neurri murriztaileak ezagutu nahi? Hona gida praktikoa.

Apirilaren erdialdera begira izan ohi dira hainbat eta hainbat debagoiendar urte hasieratik. Neurri eta egun kopuru ezberdinetan izan ohi bada ere, Aste Santua opor egunen sinonimo da askorentzat; beste askok, ordea, lan eskerga ere izaten dute garaiotan.

Aisialdiaz gozatzeko eta kanpora joateko aukera duten debagoiendarrak maletak prestatzen hasiak izango dira dagoeneko. Eguraldia begiratu, zer hartu eta zer utzi erabaki, garraiobidea prestatu, lo-lekua atondu... Garaiotan, baina, bada aintzat hartu beharreko beste aldagai bat: pandemiaren eraginez lurralde bakoitzean dauden neurri murriztaileak.

Estatuz estatu

Lanak erraztu asmoz, hona helmuga ohikoenak izaten diren estatuetan egun indarrean dauden oinarrizko arauak –informazio osatua izateko, joan estatu bakoitzari dagokion informazioan jaso den estekara–:

  • Espainia: espazio itxietan maskara erabiltzea nahitaezkoa den arren, ez dago bestelako neurri murriztailerik estatu barruan bidaiatzeko. Hona oinarrizko arauak.
  • Frantzia: 12 urtetik gorakoek Covid Ziurtagiri Digitala indarrean izatea nahitaezkoa da –txertaketa pauta osoa–; gehienez 72 ordu aurretik egindako PCR proba negatiboak edo 48 ordu aurretik egindako antigeno test negatiboak ere balio dute. Espazio itxietan ere eskatzen da ziurtagiri bera. Horrez gain, garraio publiko eta osasun zentroetan maskara erabili behar da derrigorrez. Hona oinarrizko arauak.
  • Portugal: 12 urtetik gorakoek Covid Ziurtagiri Digitala indarrean izatea nahitaezkoa da –txertaketa pauta osoa–; gehienez 72 ordu aurretik egindako PCR proba negatiboak edo 24 ordu aurretik egindako antigeno test negatiboak ere balio dute. Ziurtagiririk eskatu ez arren, espazio itxi guztietan maskara erabili behar da derrigorrez. Hona oinarrizko arauak.
  • Italia: 12 urtetik gorakoek Covid Ziurtagiri Digitala indarrean izatea nahitaezkoa da –txertaketa pauta osoa–; gehienez 72 ordu aurretik egindako PCR proba negatiboak edo 48 ordu aurretik egindako antigeno test negatiboak ere balio dute. Horrez gain, lokalizazio QR bat ere deskargatu behar da. Barrualdeetan maskara ezinbestean jantzi behar da, eta baita ziurtagiria erakutsi, besteak beste, taberna, jatetxe, kirol ekitaldi, kontzertu edo zine aretoetan, baldin eta barruan kontsumitzea nahi bada edo espazio itxian egiten diren ikuskizunak badira. Hona oinarrizko arauak.
  • Erresuma Batua: ez dago neurri murriztailerik martxoaren 18az geroztik.
  • Alemania: ez dago neurri murriztailerik sartzeko, baina arau orokor eta gomendio batzuk dituzte estatu barruan bidaiatzeko. Esaterako, maskara derrigorrezkoa da garraio publiko, komertzio eta jende pilaketak dauden ekitaldi guztietan. Hona oinarrizko arauak.
  • Belgika: 12 urtetik gorakoek Covid Ziurtagiri Digitala indarrean izatea nahitaezkoa da –txertaketa pauta osoa–; gehienez 72 ordu aurretik egindako PCR proba negatiboak edo 24 ordu aurretik egindako antigeno test negatiboak ere balio dute. Maskara soilik garraio publikoetan eta zentro soziosanitarioetan d nahitaezkoa. Hona oinarrizko arauak.
  • Herbehereak: ez dago neurri murriztailerik martxoaren 23az geroztik.
  • Estatu Batuak: ezinbestean txertaketa pauta osoa eta 24 ordu aurretik egindako PCR test negatiboa izan behar da sartzeko, 18 urtetik beherakoak eta medikuaren aginduagatik txertorik jaso ezin dutenak salbu. Orokorrean, ez da beharrezkoa maskararen erabilera, hainbat estatuk garraio publiko eta osasun etxeetan eskatzen duten arren. Beraz, neurriak ezagutzeko estatuz estatu begiratzea gomendatzen da.
  • Mexiko: ez dago neurri murriztailerik, ez estatura heltzean, ezta espazio itxietara sartzean ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak