Gaur eguerdian zabaldu da berria: barrualdeetan maskara erabiltzearen derrigortasuna apirilaren 19an kentzea aurreikusten du Espainiako Osasun Ministerioak.
Gaur zen biltzekoa Espainiako Osasun Ministerioko adituek eta autonomia erkidegoetako ordezkariek osatzen duten Osasun Batzordea, eta bertara eraman du proposamena Carolina Darias Espainiako Osasun Ministroak. Bozketa egingo duten arren, gobernuaren eskumena da maskararena, eta apirilaren 19ko Ministroen Kontseiluan onartuko da arau berria.
Behin erabakia hartuta, Errege Dekretua aldatu behar da, eta Espainiako Gorteek onartu behar dute aldaketa. Ondorioz, Estatuko Buletin Ofizialean argitaratzen den unean izango da behin betikoa arau aldaketa; neurria apirilaren 20 edo 21ean indarrean sartzea aurreikusten da.
Barrualde guztietan ez
Dariasek aurreratu duenez, gutxienez hiru eremutan derrigortasunak bere horretan jarraituko du: garraio publikoetan, zentro soziosanitarioetan eta osasun zentroetan.