Geltoki gutxiago izango dituzte Lurraldebuseko autobusek Arrasaten gaur eta bihar

Jon Irizar Aranguren 2022ko api. 6a, 10:35

Osiñako zubian egiten ari diren obrak tarteko, trafikoari itxita egongo da pasabidea eguazten eta eguenean. Hainbat ondorio izango ditu Arrasate erdigunerako sarbideetan, baita Lurraldebuseko autobusek egiten dituzten geltokietan ere. Sei lineatan izango dira aldaketak.

Osiñako zubian biribilgunea egiteko egiten ari diren lanak medio, zubia trafikoari moztuta egongo da gaur eta bihar. Hainbat ondorio izango ditu Arrasate erdigunerako sarbideetan; Aretxabaletako, Bedoñako edo Musakolako sarbideak erabili beharko dira herri erdigunera joateko. Era berean, Elorregirako noranzkoan ere zabalik egongo da Nafarroa etorbidea bi egunetan.

Geltoki gutxiago

Lurraldebuseko autobusak ere izango dituzte albo-kalteak; izan ere, ohiko pasabidea da Osiñako zubia zerbitzu askorentzat. Hona, zehazki, ibilbidea moldatuko duten sei lineak, eta bakoitzari dagozkion aldaketak:

  • DG01 (Arrasate > Oñati > Bilbo): Musakolako geltokia kenduko da bi noranzkoetan. Ondorioz, Ospitaletik San Prudentziora –edo alderantziz– egingo du zuzenean.
  • DG02 (Bergara > Oñati > Arrasate > Durango > Bilbo): Musakolako geltokia kenduko da bi noranzkoetan. Ondorioz, Ospitaletik Elorriora egingo du zuzenean Bizkaia aldera doanean, eta Ospitaletik San Prudentziora, aldiz, Bergarara edo Oñatira doanean.
  • DG05 (Gasteiz > Arrasate > Eibar): Musakolako geltokia kenduko da bi noranzkoetan. Ondorioz, Ospitaletik Eroskiko geltokira –edo alderantziz– egingo du zuzenean.
  • DG10 (Bergara > Arrasate > Aretxabaleta > Eskoriatza): Musakolako, Ospitaleko eta Erdiguneko geltokiak kenduko dira Eskoriatzarako noranzkoan; ondorioz, Eroskitik San Andresera egingo dute zuzenean autobusek. Bergarako noranzkoan, aldiz, Musakolako geltokian soilik ez da geldituko.
  • DG11 (Eibar > Arrasate): Musakolako, Ospitaleko eta Erdiguneko geltokiak kenduko dira Arrasatera iristean; ondorioz, Eroskitik San Andresera egingo dute zuzenean autobusek. Eibarrerako noranzkoan, aldiz, Musakolako geltokian soilik ez da geldituko.
  • DG04 (Arrasate > Oñati > Legazpi > Zumarraga): Musakolako, Ospitaleko eta Erdiguneko geltokiak kenduko dira Arrasatera iristean; ordainetan, San Andresen egingo dute ezohiko geldialdia autobusek lanek iraun bitartean. Zumarragarako noranzkoan, aldiz, Musakolako geltokian soilik ez da geldituko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak