Ari da pixkanaka Korrika bere ibilbidea osatzen. Martxoaren 31an Amurriotik abiatu zen ekimenak gaur igaro du erdibidea Nafarroako ipar-mendebaldean, eta Lizarrerri merindadean barrena, Arabara itzuliko da gaur iluntzean. Hala arituko da apirilaren 10a bitarte, 12:30ak bueltan, Zurriola hiribidetik lekukoa Boulevard Zumardira iristen den unera arte. Bertan irakurriko da 2.500 kilometroz eskuz esku eramandako lekukoak barruan daraman mezua.
Gaur egin dute Gipuzkoako hiriburuko Egia auzoko Teila Fabrikan azken jaiaren aurkezpen agerraldia. Mezuaren egilea eta zioa aurreratu ez dituzten arren, ekitaldi nagusiaren nondik norakoak aurkeztu dituzte. Esaterako, Bagera Elkarteak sortutako Atzean zuloa proiektuaren aurpegiak izango dira ekitaldiaren aurkezleak; Ivan Aizpurua eta Nerea Aranburu aktore donostiarrak, hain zuzen.
Azken jaia
Azken korrikalditik harago, baina, festa eguna izan ohi da Korrikaren azken eguna. Aurtengoan ere ez da gutxiagorako izango. Auzolanean, "festa handi bezain berritzailea" antolatu dutela adierazi du Luix Intxauspe azken jaiko arduradunak: "Gune desberdinetan sakabanatua, publiko desberdinei begirakoa eta Donostiako kultur eragileen parte hartzea lehenetsi duena, besteak beste".
Euskal Herriko txoko desberdinetako jendea bertaratzeko deialdia egin dute, eta bi ohar nabarmendu nahi izan dituzte. Lehena, Korrikaren azken jaia "eraso sexistarik gabeko eguna" izatea nahi dutela. Eta bigarrena, garraio publikoa erabiltzearena. Hona azken jaiko egitaraua.
Esker ona
Azken jaitik harago, Debagoieneko Korrikako dinamizatzaile izan den Ikuska Lizarraldek eskertze mezua igorri die herriz herri "Korrikaren olatuari energiarik onena" emateko ahalegina egin duten batzordeetako boluntarioei. Baita ekimenean parte hartu zuten herritarrei ere: "Furgonetatik bizi ahal izatea eta zuen poztasun aurpegiak ikusi eta animatu ahal izatea mundiala izan zen. Egubakoitzekoa zoragarria izan zen".