2022an lehen aldiz, gora egin du langabeziak Debagoienean; Alfonso Gurpegi Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordeak gaur goizeko agerraldian adierazi duenez, baita Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Zehazki, otsaila amaieran baino 110 langabe gehiago zenbatu ziren martxoa amaitzean bailaran, eta 1.270 gehiago, aldiz, erkidegoan. %8ra gerturatu da langabezia-tasa Debagoienean –%7,87–, eta urtea hasi zenetik izan den baliorik altuena da.
Bederatzi herrietako datuak aztertuz gero, bi herri azpimarratu behar dira ezinbestean: Arrasate eta Bergara. Lehenean 58 herritar gehiago daude lanik gabe, eta %0,57an hazi da tasa; bigarrenean, aldiz, 47 pertsona gehiagok amaitu zuten martxoa langabezian, otsaila amaieran baino %0,66 gehiagok. Gora egin dute datuek Eskoriatzan, Antzuolan eta Elgetan ere.
Herria | Azaroko langabeak | Langabeak guztira | Langabezia-tasa |
Antzuola | +2 | 60 | %5,53 |
Aramaio | = | 12 | %1,72 |
Aretxabaleta | -5 | 187 | %5,44 |
Arrasate | +58 | 1.087 | %10,70 |
Bergara | +47 | 538 | %7,50 |
Elgeta | +2 | 27 | %4,55 |
Eskoriatza | +8 | 157 | %7,85 |
Leintz Gatzaga | = | 2 | %1,67 |
Oñati | -2 | 346 | %6,39 |
Debagoiena | +110 | 2.416 | %7,87 |
"Antzeko" igoera
Gurpegik adierazi duenez, "iazko langabeziaren antzeko igoera" izan da urteko hirugarren hilabetean. Hala ere, eta Ukrainako gerraren "benetako eragina" ezin dutela jakin aipatu arren, gogora ekarri du iaz martxotik aurrera "nabarmen egin zuela behera" langabe kopuruak.