Teknologia informatikoek sustatuta, gizartea etengabeko aldaketetan murgilduta dago. Gaur-gaurkoz, ordea, errealitatea da Ingeniaritza Informatikoaren aldeko hautua gizonezkoek egiten dutela, nagusiki. Mondragon Unibertsitateko software eta sistema ingeniari ikerketa taldeko ikerlari Osane Lizarraldek dio emakumezkoen %14k soilik dihardutela Ingeniaritza Informatikoa ikasten, gaur-gaurkoz: "Gizarteak Ingeniaritza Informatikoaren inguruko pertzepzioa distortsionatua dauka. Zinemak, publizitateak eta hedabideek eragina izan dute. Hori dela eta, informatika ogibidearen inguruko errealitatea ez da horiek islatzen duten modukoa. Eta honek, noski, eragin zuzena izan du emakumeengan". Espainiako datuek ere emakume falta islatzen dute Ingeniaritza Informatikoaren alorrean, eta datua bera da: %14.
Era berean, gaineratu du ogibideari balio erantsia ematen dietela eta talentua oso handia dela emakumezkoen artean: "Enpresek pertsona proaktiboak eta askotariko egoeretara egokitzeko ahalmena dutenak nahi dituzte. Ilusioz taldean lan egi- teko gaitasuna dutenak, alegia. Informatikaria ez da programak eta makinak buruan dituen friki-a. Areago, informatikariak arazoei irtenbide errealak ematen dizkie, eta horretarako, komunikazio eta sorkuntza gaitasun handia behar izaten dute. Informatikariaren lana talde-lana da, eta ez bakarkako lana. Horixe da, hain zuzen ere, gure graduen hezkuntza eredua: arazoa ulertu, irtenbidea diseinatu, talde-lanean jardun eta ahozko nahiz idatzizko komunikazio efektiboa garatzea".
Geratzeko etorri da
Digitalizazioa geratzeko etorri dela nabarmendu du Mondragon Unibertsitateko irakasle eta informatikariak: "Teknologia informatikoaren alorreko profesionalak behar dira eta beharko dira. Etikaz eta gizatasunez jokatuz, arazo konplexuei era partekatuan aurre egiteko gai diren informatikariak dira ezinbestekoak, hain zuzen ere".
Eta, zer esanik ez, bizi izandako osasun pandemiaren on- dorioz, teknologia horrek jasan duen bilakaera ikaragarria kontuan hartzen badugu. Asko dira etorkizuna teknologia informatikoan dagoela diotenak. Sare sozialak, eskuko telefonoak, big data, lainoa, metabertsoa, zibersegurtasuna, enpresa prozesuen automatizazioa... Horrek guztiak iraultza digitala dakar. "Hori dela eta, gizarteko esparru askotan, erakunde zein industrian, esaterako, erabat murgildurik gaude eraldaketa digitalean. Eskaera hazi egin da, eta unibertsitateak ezin dio eskaerari guztiz erantzun. Jada errealitatea da, eta gazteak motibatu behar ditugu, bereziki emakumezkoak. Kontziente izan behar gara guztion artean aurre egin behar diogula erronka honi".
Epe motzera, ordea, informatikak munduko helburu jasangarrien eraldaketarekin bat egiten lagundu behar duela dio: "Aniztasuna garrantzitsua izanik, emakumezkoak gakoa izango dira, horien ikuspegia proiektuetan ezinbestekoa zaigu. Pentsa dezagun zabalean: zer egin dezakegu pertsona nagusien osasuna eta ongizatea hobetzeko? Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak sustatzeko? Hezkuntza kalitatea hobetzeko? Eta berdin- tasuna areagotzeko? Informatika oinarrizkoa eta zeharkakoa da, eta gure esku dago non jarri dezakegun gure talentua eta indarra".
Zer eskaintzen dizu informatikak?
Oihane Lamerinhas / Informatika ikaslea
"Informatikari esker, egungo teknologiak ezagutzen ditut; horiek ulertzen eta erabiltzen ikasten nabil, eta benetan baliagarria zait. Ikasgaien artean Zibersegurtasuna eta Adimen Artifiziala nabarmenduko nituzke. Lan aukera aberasgarriak eskainiko dizkidala uste dut".
Loredi Altzibar / Informatika ikaslea
"Betidanik sentitu dut teknologia berriekiko jakin- mina; egunero egiteko dugun bizimoduan gertu dabilkigun gaia da-eta, gainera. Sortu daitezkeen hainbat arazori irtenbidea edo soluzioak diseinatzeak asko asetzen nau. Azkenean, programazioak magia egitea ahalbidetzen du".
Miriam Moreno / Informatika ikaslea
"Lan esparruan informatikak hainbat prozesu sinplifikatzeko eta errazteko daukan ahalmena aipatuko nahiko nuke. Baita barrera geografikoak apurtzeko daukan gaitasuna ere; aukera zabala eskaintzen du lankideekin eta bezeroekin kontaktu zuzena izateko".
Ainhize Uribesalgo / Informatika ikaslea
"Betidanik gustatu izan zait informatikaren alorra; argi nuen zer ikasi nahi nuen hasiera-hasieratik. Ordenagailuen eta programen atzeko prozesua zein zen ikasteko jakin-mina izan dut eta horiek ulertzea etorkizunean sortzeko ahalmena eskainiko dit".
Ana Regalado / Informatika ikaslea
"Informatika egiten dugun guztiaren parte da, eta inguratzen gaituen mundua modu positiboan aldatzea ahalbidetu dezakeela uste dut. Gainera, informatikaren etorkizuneko aukerek ez dute mugarik. Lankidetza-lana bultzatzen du, baina baita esfortzu indibiduala ere".
Garazi Urkia / Informatika ikaslea
"Gradu eskaintzen informazioa bila nenbilela, ingeniaritza informatikoak arreta deitu zidan; izan ere, gradu erabat praktikoa eta erabilgarria iruditu zitzaidalako. Gaur egun informatika edonon dago eta teknologia arloan egiten diren aurrerapenak ulertzeko nahitaezkoa dela iruditzen zait.