Ainhoa Salillas: "Finalerdietan, taldekideen babesa izugarri eskertu nuen"

Xabier Urtzelai 2022ko api. 1a, 20:00

Ainhoa Salillas, Liga txapelketako garaikurrarekin, Foru Aldundiko egoitzan. A.S.

Txuri-Urdin izotz-hockey taldeak sekulakoa egin berri du. Liga erregularrean lan ederra eginda –hamalau partidu, porrot bat–, finaleko bi partiduetan kategoriako oilar Majadahondari irabazi zioten, eta garaikurra ekarri zuten Donostiara. Final horiek ordezkoen aulkitik jarraitu zituen Ainhoa Salillas atezainak (Bergara, 17 urte); min hartuta zegoen Holly Steeples atezain titularra justu-justu errekuperatu zen finaletarako. Baina finalaurrekoetan, Majadahondaren kontra, bergararra izan zen atea zaintzen, eta hark egindako lanak aitortza izan du taldekide askoren partetik, baita entrenatzailearena ere. Astelehenean (21:30) Harmailatik saioan izango da.

Txuri-Urdin taldearekin liga irabazi berri duzu; zer-nolako bidea egin duzu bertara iristeko?

Gaztetan hasi nintzen Bergarako Burdinola hockey taldean jokatzen; orain, Txuri-Urdinen jokatzearekin batera etxeko taldean ere jokatzen dut; eta duela urte batzuk, nire taldekide Onintza Ibarzabalek talde donostiarrak antolatzen duen campusean esku hartu zuen. Han jakin zuen Txuri-Urdin atezain bila zebilela, eta nire izena aipatu zuen. Hala, nire jarraipena egiten hasi ziren, taldera batzeko proposamena egin zidaten arte.

Iaz, ez zenuen askorik jokatu, baina aurten, finalerdietako protagonistetako bat izan zara...

Iaz, ez nuen askorik jokatu, hasiberria nintzen, eta, bestela ere, taldean esperientzia eta maila oso handiko atezaina dugu, Holly Steeples. Baina aurten, gehiago jokatu dut, eta egia da finalerdietan ni izan nintzela atezain titularra; Valdemorori irabazita sailkatu ginen finalerako.

Zelan bizi izan zenituen partidu haiek?

Hasteko, taldekide beteranoen partetik jaso dudan babesa eta berotasuna ikaragarria izan da. Egia da partidu haietan neure burua asko estutu nuela; Txuri-Urdinekin halako partidu garrantzitsuak jokatzeke nengoen, eta presio handia sentitzen nuen. Baina dena joan zen ondo, gustura geratu nintzen egindako lanarekin.

Txuri-Urdinen hirugarren finala izan da hau, baina diozu oraingoan taldea beste pentsamolde batekin joan dela.

Bai; taldekide beteranoek aipatzen dutenagatik, aurreko finaletara joan izan dira ea zer gertatzen zen ikustera, eta oraingoan, berriz, finala irabazteko aukerak geneukala sinistuta joan gara Madrilera. Liga erregularreko lehenengo partiduan irabazi egin genien, eta orduan ikusi genuen nahiz eta guk baino esperientzia gehiago izan posible zela mendean hartzea. Gero, finalean, lehenengo partidua irabazi egin genien, Donostian, eta Madrilen eurek zuten presioa. Hala, euren etxean 2-3 irabazi genien, zoramena izan zen.

Ainhoa Salillas, partidu batean atepean.

Eta orain, Kopa dator...

Halaxe da; hilabete dugu txapelketa hori ondo prestatzeko, garaikur hori ere etxera ekarri nahi dugu.

Burdinolan ere jokatzen duzu. Ze alde dago lineako hockeyaren eta izotz-hockeyaren artean?

Bada, kanpotik aztertuta, badirudi nahiko antzerakoak direla, baina badituzte ezberdintasun batzuk. Bistan da batean izotz gainean ibiltzen garela, baina ateak izotz-hockeyan handiagoak dira. Gainera, araudia ere aldatu egiten da, jokalari bat gutxiagorekin jokatzen da –lau jokalari eta atezaina– eta atezainak protagonismo handiagoa izaten du.

Bi taldetan jokatzen, nahikoa lan astea antolatzen.

Pentsa, karatean ere ibili naiz orain arte, eta baita musikan ere. Ez naiz geldi egotekoa, baina momentu batzuetan gauza larregi izan dut, egia da hori. Txuri-Urdinekin entrenatzera Donostiara joan behar izaten dut. Gainera, entrenamenduak gauez egiten ditugu, eta ordurako ez da autobusik egoten. Jakina, denera iritsi ahal izateko gurasoen laguntza ezinbestekoa izan da. Hala ere, bi taldetan jokatu ahal izatea asko eskertzen dut, hor ez dut preferentziarik.

Maila galdu du Burdinolak

Espainiako Ligako jaitsiera fasea hirugarren postuan amaitu du Burdinola taldeak, eta horrek esan gura du mailara itzultzeko atariko fasea jokatu beharko dutela ostera ere. Asteburuan Lugon jokatu dute azken jardunaldia, eta bi partidu irabazi bazituzten ere, ez zen kategoriari eusteko nahikoa izan. Azken partidua hil ala bizikoa zen, eta hori galdu egin zuten. 

Burdinolakoen talde argazkia, Lugon.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak