Eguenean emango zaio hasiera euskararen aldeko ekimen esanguratsuenetako bati: Korrikari. 22. edizio honetan jarraipen berezia egingo dio Goiena Komunikazio Taldeak gure hizkuntzaren aldeko antxintxika saio erraldoiari; martxoaren 31tik apirilaren 10era, Amurriotik Donostiara, HitzEkin zein irudiekin, AEK-k antolatutako ekimena bertatik bertara jarraitu ahal izango da euskarri ezberdinetan.
Hasiera ekitaldia
Helduei euskara irakasten diharduen herri erakundearekin zein hainbat euskal hedabiderekin elkarlanean, Amurrioko hasiera ekitaldia zuzenean ikusi ahal izango da goiena.eus atarian. Eguenean 15:35etatik aurrera eskainiko den saioan, Aitor Agiriano eta Ander Monedero lankideak ekimenaren lehen urratsak bertatik bertara jarraitzen egongo dira Aiaraldeko udalerrian.
Saio berezia
Eguen iluntze eta egubakoitz goizaldean 200 kilometro pasatxo egin ostean, Osintxutik sartuko da lekukoa Debagoienera apirilaren lehen eguneko goizean –11:32–. 11:15etatik hasita, lekukoak bailara zeharkatzen duen bitartean zuzeneko saio berezia eskainiko da Goiena Telebistan zein goiena.eus-en; lau ordu inguru izango duen programan, protagonisten hitzak, zuzeneko konexioak, elkarrizketak eta erreportaje bereziak eskainiko dira.
Irudi guztiak sarean
Zuzeneko saio berezia ez da izango, baina, debagoiendarrek Korrikari jarraipena egiteko izango duten aukera bakarra. Izan ere, goiena.eus atarian zein Goiena aplikazioan herri, kilometro eta lekuko eramaile guztiak irudiz jasoko dira; egubakoitzean bertan argitaratuko dira bailarako korrika saioari dagozkion argazki galeriak eta ikus-entzunezkoak.
Zuzenean, une oro
Behin lekukoak bailara igaro eta Arabako bidea hartuta, beste bederatzi eguneko ibilbidea izango du apirilaren 10ean Donostiako Boulevardean azken mezua irakurri arte. Bide horretan –eta baita aurretik ere– unean uneko zuzeneko irudiak ikusi ahal izango dira goiena.eus webgunean, lekukoaren gidari diren furgonetetan jarritako kameren bidez.