Martxan da 2021eko Errenta Aitorpen kanpaina

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 30a, 14:02

Bergarako Ogasunaren egoitza, 2020ko artxiboko irudi batean. (Argazkia: Goiena)

Atzo jarri zuen martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak 2021eko Errenta Aitorpen kanpaina. -3,7 milioi euroko saldo orokorra aurreikusi du Aldundiak aurtengorako –276,5 milioi jaso, eta 280 milioi itzuli–. Herritarrek datorren astelehenetik aurrera izango dute esku-hartzeko aukera, eta bide telematikoak erabiliz zein aurrez aurreko hitzordu bidez egin ahalko dute aitorpena.

Aste honetan eman dio hasiera Gipuzkoako Foru Aldundiak 2021eko Errenta kanpainari. Gaur aurkeztu dute ekimena Donostiako egoitzan Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, Irune Yarza Ogasuneko zuzendariak eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordeak.

Saldo orokor negatiboa

Aldundiak egindako aurreikuspenen arabera, -3,7 milioi euroko saldo negatiboa espero dute kanpainaren amaieran –pasa den urteko emaitza baino 9 milioi euro okerragoa–. "Bereziki autonomoak eta krisiak gehien kaltetu dituen sektoreak laguntzeko hartu dituen azken neurriak" dira, Peronaren hitzetan, galera horren kausa. Orotara, 276,5 milioi euro jasoko ditu Foru Ogasunak, eta 280 milioi, aldiz, itzuli.

Horrez gain, eta "egungo egoera ekonomiko zailaren" aurrean, autonomoen errendimenduaren kalkuluaren gutxitze ehunekoak handitzearen neurria ere aplikatuko dute aurtengo aitorpenean: "Likidezia zuzen-zuzenean emango diegu kanpaina honetan".

Bi bide

Bi bide izango dituzte herritarrek errenta aitorpena egiteko. Alde batetik, aurrez aurreko arreta; 11 bulego irekiko ditu Ogasunak lurraldeko 9 udalerritan –tartean, Bergaran–, eta 120 profesionalek eskainiko dute zerbitzua. Bestetik, teknologia berrien aldeko "apustua sustatzen" jarraituko dutela adierazi dute; hala, Zergabidea tresnaren bidezko errenta telematikoa egiteko aukera ere izango dute herritarrek.

Egutegia

Kanpainari atzo eman zitzaion hasiera, eta datorren astelehenetik aurrera izango dute herritarrek esku-hartzeko aukera. Hona mugarri nagusiak:

  • Martxoak 29, martitzena: autolikidazio proposamenak webgunean eta posta bidezko bidalketak.
  • Apirilak 4, astelehena: autolikidazio proposamenak onartzeko epearen hasiera.
  • Apirilak 7, eguena: Errenta telematikoa egiteko epearen hasiera, Zergabidea plataformaren bidez.
  • Apirilak 12, martitzena: aurrez aurreko hitzorduak eskatzeko epearen hasiera.
  • Apirilak 19, martitzena: aurrez aurreko hitzorduen hasiera.
  • Ekainak 30, eguena: 2021eko Errenta kanpainaren amaiera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak