Norberaren herritik kanpora, Korrika

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko mar. 30a, 10:00

Korrika, Bartzelonan.

Bakoitzaren herrian korri egiteko aukera izan edo ez –lasterketa ez baita guztietatik pasatzen–, badira kuadrillak Euskal Herriko beste txoko batzuetara ere joan ohi direnak, Korrikaren aitzakian. Munduko hainbat hiritan ere antolatzen dira Korrikak.

Bergarako Iosu Agirreren kuadrillak Nafarroa aldean egingo du asteburu-pasa, Korrika dela eta. Hurrengo zapatutik domekarako gauean hartuko dute lekukoa: "Korrika batzordean ari naiz, eta kuadrillan proposatu nuen ea hartuko ote genuen kilometro bat denon artean. Beste batek gehitu zuen ea zergatik ez genuen Iparraldean edo Nafarroako Erriberan-edo hartzen, haietan arazo handiagoak izaten direlako kilometro guztiak betetzeko, eta begi onez ikusi genuen. Asteburuan Korrika ze ingurutan ibiliko den begiratu, arduradunekin harremanetan jarri, eta Lerindik sei kilometrora eman digute kilometroa".

25 bat bergarar, beraz, landetxe bat hartu eta Tafalla aldera joango dira asteburu-pasa, handik Lodosara bidean korrika egiteko: "Rotten XIII taldearen kontzertua ere badago, gainera, eta aprobetxatuko dugu hura ere ikusteko".

Bartzelonan ere hurrengo zapatuan ospatuko dute Korrika, Korricursa. 30 lagun inguru ari dira antolaketan, Euskal Etxearen bueltan, eta, zortzi kilometroko ibilbidearekin batera, bazkaria, bingo musikatua eta kontzertuak antolatu dituzte. Amaia Anduaga oñatiarra ari da saltsan: "Bazkarirako salgai jarri genituen 300 txartelak 30 minutuan saldu ziren, eta beste 50 ateratzeko aukera eman digute. Euskal komunitate oso handia dago Bartzelonan, eta denok batuko gara Korrikarako".

Antton Peña aramaioarra Londresen bizi da, eta han astebete geroago egingo dute Korrika. Petoak saldu eta Korrika Txiki bat egingo dute parke baten bueltan, eta pintxo-potea egingo dute ondoren; amaitzeko, parrandatxoa, hala nahi duenak: "Halako aukeren bila ibiltzen gara Euskal Etxetik, jendea elkartu ahal izateko; oso aitzakia polita da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak